Ekonomia -
KORONABIRUSA
Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, munduko aurreikuspen ekonomikoak txarrera egin du
Funtsak espero baino atzeraldi sakonagoa aurreikusten du 2020an, eta hazkunde motelagoa 2021ean. Espainiako ekonomia % 12,8 jaitsiko da aurten, koronabirusaren pandemiagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koroabirusaren pandemiak munduko ekonomian uste baino "eragin negatiboagoa" izan du; izan ere, 2020rako % 4,9ko uzkurtzea aurreikusten du, apirilean kalkulatutako % 3aren aurrean, eta "ondorio katastrofikoak" izango ditu enpleguan, Nazioarteko Diru Funtsak jakitera eman duenez.
"Jardueraren gainbehera sakonak hondamendia eragingo dio lan merkatu globalari", azaldu du Funtsak "aurreikuspen ekonomiko globalen" txosten eguneratuan.
Litekeena da urteko bigarren hiruhilekoan lanorduen murrizketa lanaldi osoko 300 milioi enplegu baino gehiago galtzearen parekoa izatea.
Iragarpenen zifra dramatikoak gorabehera, Nazioarteko Diru Funtsak egungo egoera berezia dela azpimarratu du, aurrekaririk gabeko krisia baita.
Erabateko ziurgabetasuna
"Herrialdeen % 75 berriro irekitzen ari dira, eta, aldi berean, pandemia areagotzen ari da sortu berri diren eta garatzen ari diren merkatu askotan. Hainbat herrialde suspertzen hasi dira. Hala ere, konponbide medikorik ezean, susperraldiaren indarra oso zalantzazkoa da, eta eragina desberdina da sektore eta merkatuetan", azpimarratu du Gita Gopinath Nazioarteko Diru Funtseko ekonomista buruak prentsaurrekoan.
Ekonomia handiei dagokienez, Txinak soilik jarraituko du tasa positiboetan, % 1eko hazkundearekin; hala ere, apirilean aurreikusitakoa baino bi hamarren gutxiago haziko da. AEBek % 8 egingo dute behera aurten, duela hiru hilabete aurreikusitako % 6,1 baino ia bi puntu gehiago. Japoniak % 5,8ko beherakada izango du, apirilean iragarritako % 5,2ko beherakadaren aurrean, eta Erresuma Batuak, aldiz, % 10,2ko beherakada izango du.
"COVID-19aren pandemiak pentsatu baino eragin negatiboagoa izan du jardueran 2020ko lehen erdian, eta susperraldia uste baino mailakatuagoa izatea aurreikusten da", adierazi du Funtsak txostenean.
Aurreikuspenen arabera, hazkunde orokorra % 5,4koa izango da 2021ean, apirilean baino lau hamarren gutxiago.
Proiekzio berrien arabera, datorren urtean AEBek % 4,8ko hazkundea izango dute; Txinak % 8,2koa; Japoniak % 2,4koa, eta Erresuma Batuak % 6,3koa.
Nazioarteko merkataritza izango da sektore kaltetuenetako bat. 2020a % 11,9ko uzkurtzearekin amaitzea espero dute, ondasun eta zerbitzuen eskaria nabarmen txikiagoa delako, turismoa barne, eta datorren urtean % 8ko gorakadarekin ixtea.
Espainiako ekonomiak atzera egingo du
Espainiako ekonomiak % 12,8 egingo du behera 2020an, koronabirusaren pandemiagatik, Nazioarteko Diru Funtsak gaur zabaldu dituen aurreikuspenen arabera; izan ere, apirileko iragarpenak 4,8 puntu egin du okerrera, eta Espainia, Italiarekin batera, herrialde aurreratuen artean posizio txarrenetan dago.
Eurogune osoari dagokionez, Funtsak okerrera egingo duela aurreikusi du, izan ere, aurten ekonomia % 10,2 jaitsiko omen da, eta, apirilean, berriz, % 7,5. Italia, % 12,8ko beherakadarekin, Espainiaren tasa berarekin kokatu da, apirileko zifra (% -9,1) berrikusi ostean.
"Ekonomia aurreratuetan, urtearen lehen erdian jarduerak kolpe sakonagoa jasan duela dirudi, konfinamendu aginduak ezarri aurretik ere. Horrek ere susperraldi mailakatuagoa iradokitzen du bigarren zatian, kutsatzeko beldurrak gure artean jarraitzea litekeena baita", adierazi du Funtsak.
Aurreikuspen berrien arabera, Frantziak ere beherakada nabarmena izango du, % -12,5ekoa aurten, apirilean baino bost puntu gutxiago, eta, Alemaniak, euroaren lehen ekonomiak, % 7,8 egingo du behera, hasiera batean kalkulatutakoa baino zortzi hamarren gehiago.
2021era begira, euroguneko susperraldia % 6,3koa izango dela iragarri du Funtsak. Espainiaren eta Italiaren kasuan, tasa berarekin egingo dute gora; Alemaniak % 5,4ko hazkundea izango du, eta, Frantziak, % 7,3koa.
Ildo horretan, "ekonomiak irekitzen diren heinean, enplegua eta enpresak babestetik susperraldia erraztera eta langileak birkokatzeko oztopoak kentzera" mugitu beharko liratekeela adierazi du Funtsak.
Eta etorkizunari buruz ohartarazi du: "Zor maila altua dela eta, zerga pizgarri handiagoa izateko gaitasuna mugatuta gera liteke, eta erronka handia izango da herrialde askorentzat".