Ekonomia -

UPV-EHU

Aldi baterako kontratuek enplegua ez dutela bultzatzen ondorioztatu du ikerketa batek

Ikerketa Cambridgeko unibertsitatearekin batera egin dute eta bertan 1998 eta 2012 urteen artean herrialde ezberdinetan ezarritako lan-erreformen ondorioak aztertu dituzte.

Eraikuntzako langile bat, Bilbon. Argazkia: Efe.
Eraikuntzako langile bat, Bilbon
Eraikuntzako langile bat, Bilbon. Argazkia: Efe.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa batek ondorioztatutakoaren arabera, azken urteetan aplikatutako lan-erreformek ez dute kontratazioa sustatzea lortu; aitzitik, erreforma horien bidez, behin-behinekotasunaren tasa handitu da eta kontratazio mugagabea gutxitu. Orain bizi dugun krisiak, osasun-arazo batetik eratorriak, enplegua hein handiagoan egonkortuko luketen ereduak proposatzera eraman ditzake estatuak.

Lan-merkatua malgutzeko helburuarekin, 1990eko eta 2010eko hamarkaden artean ekonomia gehienek, bereziki europarrek, zenbait neurri onartu zituzten lan-merkatuak aldatzeko asmoz. Haien bitartez, langile iraunkorrak kaleratzeko kostuak txikitu zituzten, eta aldi baterako kontratazioa bultzatu zuten.

“Erreforma horiek sostengatzen zituzten usteen arabera, lan-merkatua alderdi batzuetan zurrunegia zelako ari ziren pairatzen ekonomia horiek langabezia-arazo handiak, merkatuak ezin baitziren azkar egokitu gorabehera ekonomikoen aurrean”, azaldu du Josu Ferreiro UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia Aplikatua V Saileko irakasleak.

Ferreirok, sail bereko kide Carmen Gomezekin eta Cambridgeko Unibertsitateko irakasle Philip Arestis-ekin batera, neurri horiek lan-merkatuetan izandako eragina aztertzeari ekin zioten: Europako hamaika herrialdetan ezarritako erreformek 25 urtean, 1988tik 2012ra, izandako eragina ikertu zuten. “1980ko hamarkadako legerian ezarrita zeuden kaleratze-kostuak erdira baino gehiagora murriztu zituzten, bai lan egindako urte bakoitzeko ordaintzen diren egunei dagokienez, bai langileak jasotzen duen gehienezko hileko-kopuruari dagokionez”, adierazi du ikertzaileak.

Emaitza garbiak eman zituen analisiak, “espero baino nabarmenagoak”, aurreratu du ikertzaileak. Hain zuzen, aurkitu dutenez, “enpleguaren babesa murrizteko asmoz txertatutako aldaketek, hau da, kaleratzeak merkatzeak eta, aldi berean, behin-behineko kontratuak sustatzeak, ez du inola eragin enplegu-tasa orokorrean. Izan ere, asko egin du gora behin-behineko enpleguak, baina asko gutxitu da enplegu mugagabea. Enpleguaren eboluzioa hazkunde ekonomikoaren araberakoa da bakarrik, eta, horrenbestez, ekonomiaren hazkunde-erritmoa handituta bakarrik emendatzen da enplegua”.

Onurak, enpresentzat

Ferreirok garbi du enpresak direla erreforma horien onuradun nagusiak: “Eskulan askoz maneiagarriagoa dute, malguagoa, eta, gainera, merkeagoa”. Hainbeste, ezen behin-behinekotasunaren tasa aurrekaririk gabeko mailetara iritsi baita, ekonomialari horren ustez “gehiegizkoa”. Gogoratu du krisi ekonomikoaren ondotik ekonomia suspertzen hasi zenean, goraka egin zuela enpleguak, “baina sortu zen enplegua behin-behinekoa izan zen”, dio.

Behin-behinekotasuna handia izateak berekin dakar enplegua oso hegakorra izatea: jarduera ekonomikoa balaztatu, moteldu edo erortzen bada, lanpostu asko galtzen dira. “Horixe gertatzen ari da orain bizitzen ari garen krisian: jarduera ekonomikoari berari baino askoz gehiago eragin diezaioke enpleguari, lan-merkatuaren malgutasun handiaren eraginez. Osasun-sistema prest ez dagoen bezala bat-batean izugarri gora egiten duen gaixoen kopuruari erantzuteko, gure sistema ekonomikoak ere ez dira gai beren gain hartzeko bat-batean, lauhileko batean, jendearen ehuneko 20-30ek lanpostua galtzea”, egin du gogoeta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Lan Erreformaren Legea Langabezia Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak