Ekonomia -
Langileen eguna
CCOO eta UGT Euskadik manifestazio birtuala antolatu dute Maiatzaren Lehenerako
Sare sozialetan, 13:00etik aurrera, enpleguaren eta lan segurtasunaren aldeko argazkiak partekatzeko deia egin diete afiliatuei.
agentziak | erredakzioa
EAEko CCOOk eta UGTk elkarrekin ospatuko dute berriro Maiatzaren Lehena “Lana eta zerbitzu publikoak. Beste eredu sozial eta ekonomiko bat posible da” lelopean, eta sare sozialetan “manifestazio birtuala” egiteko deia zabaldu dute.
Sindikatuek prentsa-ohar batean azaldu dutenez, sare sozialetan, 13:00etik aurrera, enpleguaren eta lan segurtasunaren aldeko argazkiak partekatzeko deia egin diete afiliatuei, “manifestazio birtual” moduko bat egiteko.
Koronabirusaren pandemiak markatutako Maiatzaren Lehenean, CCOOk eta UGTk salatu dute osasun krisiak agerian utzi duela “eredu sozialaren eta ekonomikoaren ahultasuna eta injustizia”.
Hori horrela, ekoizpen eta gizarte eredu berria aldarrikatu dute, “zerbitzu publiko gehiago eta hobeak” ekarriko dituena “osasunean, adinekoen eta mendekotasunak dituztenen arretan, hezkuntzan, etab”.
Aldarrikatzen duten eredu horretan, “eskuhartze publikoa egon behar da sektore estrategikoetan”, hala nola, energian, hornikuntzan, finantza zerbitzuetan eta industrian, egoera kritikoetan erantzuna eraginkorra izan dadin.
CCOOk eta UGTk azpimarratu dute “lehenengo unetik” aritu direla lanean krisiak ez dezan enplegua suntsitu, eta behin behineko egokitzeak sindikatuek “elkarrizketa mahaiaren baitan egindako exijentziak” izan direla.
Sindikatuen ustez, enpleguak egokitzeko behin behineko mekanismoak, alarma egoerarako aurreikusiak, “behar den denbora guztian” luzatu behar dira ekoizpen sareari eusteko eta “langileak duintasunez” bizitzeko.
Gainera, inolako diru-laguntzarik jasotzen ez dutenen “beharrak asetzea ezinbestekoa” dela eta elkarrizketarako mahaian helburu horrekin daudela adierazi dute.
CCOOk eta UGTk uste dute langileen osasuna arriskuan jarri gabe itzuli behar dela jarduera ekonomikora, eta jakinarazi dute Maiatzaren Lehenean koronabirusaren aurkako borrokan “lehen lerroan” daudenak omenduko dituztela.