Ekonomia -
KORONABIRUSA
ELAk eta LABek Arabako hiriburuko zahar-etxeetan elkarretaratzea deitu dute gaur
COVID-19aren ondorioz Gasteizko Caser zaharren egoitzan hildako erizaintzako laguntzailearen heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea deitu dute gaur eguerdirako, bost minutuz, Gasteizko zahar-etxe guztietako sarreren aurrean, COVID-19aren ondorioz Gasteizko Caser zahar-etxean hildako erizaintzako laguntzailearen heriotza salatzeko.
Bi sindikatuek heriotza salatu eta lantokietan segurtasun handiagoa eskatu dute.
ELA sindikatuak jakitera eman duenez, atzo hil zen langilea Caser Residencial Alto del Prado egoitzako unitate soziosanitarioan ari zen lanean. Osakidetzatik eta Arabako Aldunditik eratorritako mendekotasuna duten eta zaintza-behar intentsiboak dituzten pertsonei ematen diete arreta bertan.
Gaur egun, 21 erabiltzaile daude unitate horretan, eta horietatik 20k positibo eman dute COVID-19a detektatzeko proban, sindikatu horren arabera. Zentro horretan 158 ohe daude, eta horietatik 54 Arabako Aldundiarenak dira. Horrez gain, koronabirusa duten 30 egoiliar baino gehiago hil dira bertan, eta heriotza horiei azken ordu hauetan hildako langile horrena gaineratu behar zaie.
ELAk dolumina helarazi die hildako laguntzailearen familiari eta lankideei, eta arduraz jokatzeko eta langileen segurtasuna eta babesa bermatzeko eskatu die enpresari eta Arabako Foru Aldundiari, "gaur egun prebentzio neurriak eta babes-ekipoak ez direlako nahikoak". Halaber, langile guztiei testa egitea eskatu du.
LABek, berriz, erantzukizuna eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta adinekoen egoitzetan bizi diren "egoera penagarriak" arintzeko plan eraginkor bat egitea; horrez gain, langileen babes eta segurtasun falta salatu du.
Arabako Foru Aldundiak ostegun honetan jakitera eman duen azken balantzearen arabera, 134 erabiltzaile hil dira koronabirusarekin Araban.