Ekonomia -
Koronabirusa
Oinarrizko zerbitzuetako langileentzako testak eta librantzak eskatu ditu LABek
Alor horretako langileak "segurtasun neurri gutxirekin" aritu direla salatu du, eta, "zenbait lekutan egoerak hobera egin duen arren, gabezia nabarmenak" daudela esan dute.
Agentziak | Erredakzioa
LAB sindikatuak ordaindutako lau eguneko baimena eskatu die gobernuei eta patronalari oinarrizko zerbitzuetako langileentzat, azken egunetan izan duten lan-karga handiagatik. Halaber, langile horiei guztiei testak egiteko eskatu du, COVID-19a harrapatu duten ala ez jakiteko.
Ohar batean azaldu dutenez, eta 40 eguneko konfinamenduaren ostean, "oinarrizko zerbitzuetako profesionalak duten guztia ematen ari dira", "inoiz baino gogorrago lanean ari dira eta, aldi berean, euren osasuna egunero arriskuan jartzen ari dira".
Euskal sindikatuak salatu duenez, langileek "babeserako neurri eta baliabide gutxi" izan dituzte, eta egoerak "zenbait lekutan" hobera egin duen arren, oraindik "gabezia nabarmenak" daude. Anbulantzietan, adibidez, "desinfektatzeko ekipamenduak falta dira"; supermerkatuetan maskarak berrerabiltzen ari dira; "garbiketako profesionalei betaurrekoak eta babeserako jantziak falta zaizkie, Ikuskaritzak horiek izateko agindua eman duen arren", eta "garraiolariak lana erritmo oso altuan egiten ari dira".
LABen arabera, "alor horietako langileei ez zaizkie testak egin", eta "beharrezkoa da guztion bizitzak zaintzen dituzten langileen osasuna zein den jakitea". Ondorioz, gobernuei eta patronalei eskatu die "konfinamendu osoan oinarrizko zerbitzuetan lanean ari direnek testak egiteko lehentasuna izatea".
"Zama ez da txaloekin bakarrik arinduko"
Bestalde, "langileen zama txaloekin bakarrik ez da arintzen", azpimarratu du, eta "estres handia, kutsatzeko beldurra eta zama psikologiko handia dute", gaineratu du. Hori dela eta, "hilean ordaindutako lau eguneko baimena hartzeko aukera izatea" eskatu dute, "egiten ari diren lan handiaz atseden hartzeko aukera izan dezaten".