Ekonomia -
Koronabirusa
EAEko merkatariek 2021eko urtarrilera arte merkealdirik ez izatea eskatu dute
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatarien elkarteak bilera bat izango du asteazkenean, bideokonferentziaz, Eusko Jaurlaritzarekin.
Agentziak | Erredakzioa
2021eko urtarrilaren 7ra arte merkealdi eta beherapenik ez izatea proposatu dio Euskaldendak merkataritza elkarteak Eusko Jaurlaritzari.
Euskal Autonomia Erkidegoko merkatariak batzen dituen elkarteak bilera telematikoa egingo du asteazken honetan Eusko Jaurlaritzarekin, eta udako merkealdia zein udazkeneko beherapenak bertan behera uzteko nahia helaraziko dio Jaurlaritzari bertan, dokumentu batean dagoeneko aurreratu diotenez.
Idatzian jaso dutenaren arabera, helburua da "saltoki txikiak are gehiago ez ahultzea, saltoki eta banatzaile handiek ahal badute ere, horientzat ezinezkoa izango baita mozkin tarteak murriztea".
Halaber, merkatariek eskatuko dute beherapenen ohiko garaiak berreskuratzea (2012an, Espainiako Gobernuak liberalizatu egin zituen), "urte osoan une oro egiten diren beherapenen dinamika etengabea bukatzeko".