Ekonomia -
Nafarroako Parlamentua
Jarduera ekonomikoa gehiago murriztea baztertu du Chivitek
Nafarroako presidentea hunkitu egin da jasotako elkartasunaz eta herritarrak izaten ari diren jarrera arduratsuaz hitz egitean.
Agentziak | Erredakzioa
María Chivite Nafarroako presidenteak jarduera ekonomikoa gehiago murriztea baztertu du, ostiral honetan Nafarroako Parlamentuan egindako saioan. Bertan, aho batez berretsi dituzte Gobernuak koronabirusaren pandemiak osasun alorrean, gizartean eta ekonomian dituen ondorioei aurre egiteko onartutako bi lege dekretuak.
Koronabirusak "bizitza egun gutxi batzuetan aldatu digu, eta aurretik planifikatuta genuena ez bezalako etorkizuna daukagu", adierazi du Chivitek.
Chivite hunkitu egin da zenbait momentutan, eta jasotako elkartasuna eta herritarren jarrera arduratsua nabarmendu ditu. Nafarroako presidentearen iritziz, zientziak emandako datuek itxaropenari bidea zabaltzen diote, izan ere, 108 pertsonari sendagiria eman diete bost egunetan.
"Gauza batzuk hobeto egin zitezkeen"
Nafarroako presidenteak onartu duenez, "gauza batzuk hobeto eta lehenago egin zitezkeen", baina "ziurgabetasuna ez da erraz gobernatzen", gaineratu du.
Babeserako ekipamenduei dagokienez, Nafarroa bere erosketez arduratzen dela gaineratu du, eta horniketa sare propioa duela, bizi dugun egoera ez delako alarma egoerarekin amaituko. "Horregatik, gure ekoizpena bultzatzen ari gara txerto bat aurkitzen duten arte", esan du Chivitek. Test berriei dagokienez, lehentasuna osasun langileek eta egoitzetakoek izango dutela argitu du.