Ekonomia -

Koronabirusa

Koronabirusari erantzun bateratua ematen saiatuko dira gaur EBko buruzagiak

Ez datoz bat oinarrizko ikuspegiarekin: neurri ekonomiko posible guztiak berehala ezartzea edo krisialdi honen ondorioak zehatz-mehatz ezagutu arte itxarotea, ondorengo susperraldian ezartzeko.

Brusela. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Brusela.
Brusela. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) estatuburu eta gobernuburuek bideokonferentzia bidezko goi-bilera egingo dute ostegun honetan, euren arteko desadostasunak alde batera utzita, koronabirusaren eragina arintzeko eman behar den erantzun ekonomiko bateratua adosten saiatzeko. Testuinguru horretan, iparraldeko herrialdeek, hegoaldeko hiriburuek proposatzen dituzten asmo handiko neurriak blokeatu nahi dituzte.

Europako buruzagien goi-bilerak ikuspegi askotatik helduko dio COVID-19 gaitzak eragindako krisiari, baina arlo ekonomikoa da hiriburuen arteko desadostasun sakonak sortzen jarraitzen dituena. Iturri diplomatikoek izendatzen dituzten "bi pentsamendu-eskolak" aurrez aurre izango dira, ez datozelako bat oinarrizko ikuspegiarekin: neurri ekonomiko posible guztiak berehala ezartzea edo krisialdi honen ondorioak zehatz-mehatz ezagutu arte itxarotea, ondorengo susperraldian ezartzeko.

Euroguneko Finantza ministroek osatutako Eurotaldearen ezohiko bi bileratan ez dute aurrerapauso nabarmenik lortu. Espainiak, Frantziak, Italiak eta beste herrialde batzuek Europaren zorra (eurobonuak) elkarrekin jaulkitzearen alde egiten dute, koronabirusaren aurka finantzazioa bermatzeko, baina Herbehereak, Alemania, Austria eta Finlandia, besteak beste, aukera horren kontra agertu dira.

Dena dela, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz funtsak eskatu nahi dituzten Europako herrialdeei euroguneko erreskate funtsaren bidez (Europako Egonkortasun Mekanismoa) finantzaketa-lerro espezifikoa emateko aukeraren alde agertu dira EBko Ekonomia eta Finantza ministroak. Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak azaldu duenez, herrialdeek euren BPGaren % 2rainoko funtsak jaso ahal izango lituzkete, oraindik zehazteke dauden baldintzetan. Ezaugarri horien inguruan "babes zabala" badago ere, laguntza horien inguruko xehetasunak adosteko lanean jarraitu behar dute.

Arlo ekonomikotik haratago, EBrentzat funtsezkoak diren beste arlo batzuetan koronabirusak eragindako pandemiaren aurrean erantzun bateratua adosteko konpromisoa hartu dute estatu kideek, hala nola beren mugen gaineko murrizketetan, oinarrizko salgaien gabezia saihesteko baimendutako joan-etorrietan eta osasun arloko kudeaketan.

Aurreko astean, EBko kanpo-muga aldi baterako ixtea adostu zuten Europako buruzagiek, blokea COVID-19 gaitzaren hedapenetik babesteko ahaleginean. Horrez gain, prebentzio-neurriak direla eta, beste herrialde batzuetan harrapatutako europarrei etxera bueltatzen laguntzeko ahaleginak koordinatzea erabaki zuen Bruselak.

Dena dela, neurri  horrek ez du galarazi dozena bat estatuk, Espainia kasu, barne-mugak ixtea, EBk neurri hori ez hartzeko eskatu arren behin eta berriz. Mugako kontrola indartzeak ere zaildu egin du salgaien joan-etorria, eta, horrekin batera, gaixotasunari aurre egiteko ezinbestekoak diren produktu eta sendagaiak helmugara azkar iristea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europar Batasuna Europa Espainia Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Italia Koronabirusa