Ekonomia -

Koronabirusa

Koronabirusaren aurrean erreskate funtsa erabiltzearen alde agertu da Eurotaldea

Herrialdeek euren BPGaren % 2rainoko funtsak jaso ahalko lituzkete, oraindik zehazteke dauden baldintzetan. Dena dela, laguntza horien inguruko xehetasunak adosteko lanean jarraitu behar dute.

Koronabirusaren aurrean erreskate funtsa erabiltzearen alde agertu da Eurotaldea. Argazkia: EFE
Koronabirusaren aurrean erreskate funtsa erabiltzearen alde agertu da Eurotaldea.
Koronabirusaren aurrean erreskate funtsa erabiltzearen alde agertu da Eurotaldea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz funtsak eskatu nahi dituzten Europako herrialdeei euroguneko erreskate funtsaren bidez (Europako Egonkortasun Mekanismoa) finantzaketa-lerro espezifikoa emateko aukeraren alde agertu dira Europar Batasuneko (EB) Ekonomia eta Finantza ministroak.

Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak azaldu duenez, herrialdeek euren BPGaren % 2rainoko funtsak jaso ahal izango lituzkete, oraindik zehazteke dauden baldintzetan. Hala iragarri du Centenok, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean hartu beharreko neurriak aztertzeko asmoz EBko arduradun ekonomikoekin bideokonferentzia bidez egindako bilera baten ostean.

Ezaugarri horien inguruan "babes zabala" badago ere, laguntza horien inguruko xehetasunak adosteko lanean jarraitu behar dutela gaineratu du Centenok. Ildo horretatik, estatuburu eta gobernuburuen esku egongo da EBren erantzun zehatza erabakitzea datorren osteguneko goi-bilera telematikoan.

Finantzaketa-lerro espezifiko hori Europako Egonkortasun Mekanismoaren prebentziozko finantzaketa-lerroetan oinarrituko litzateke. Laguntza hori ez da inoiz erabili, eta ekonomia egonkor izanik, merkatuan sartzeko arazoak dituzten herrialdeei maileguak emateko aukera ematea du helburu, horretarako erabateko erreskaterik eskatu behar izan gabe.Trukean, euren egoeraren arabera finkatutako baldintzak bete behar dituzte.

Herrialdeek epe laburrerako laguntza jasoko lukete, koronabirusak eragindako krisiari erantzuteko, izan ere, epe luzera begira herrialdeak "finantza egonkortasunera itzultzea" espero du Eurotaldeak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europar Batasuna Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa BPGd gaur