Ekonomia -

Koronabirusa

Langileek ekoizpena gelditu dute Sidenor, Tubacex, Tubos Reunidos eta Aernnovan

Aipatu enpresek Basauri, Laudion, Amurrion, Trapagan eta Berantevillan dituzten lantegietan produkzioa aldi baterako etetea erabaki dute, koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta.

Laudioko eta Amurrioko lantegiak itxiko ditu Tubacexek
Tubacexen lantegia, Laudion
Laudioko eta Amurrioko lantegiak itxiko ditu Tubacexek

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sidenor, Tubacex, Tubos Reunidos eta Aernnova enpresetako langile batzordeek lortu dute zuzendaritzek beren eskaria onartzea eta, koronabirusaren epidemiak eragindako arriskuaren aurrean, lantegietan jarduera gelditzea.

Sidenorrek Basauriko lantegiko jarduera aldi baterako etengo du, zuzendaritzak ohar batean azaldu duenez, "enpresa batzordearen gehiengoak hala erabaki duelako, nahiz eta langileen segurtasun baldintzak eta lan osasuna une oro ari diren bermatzen".

Halaber, Tubacexek industria jarduera "aldi baterako eta modu ordenatuan" geldituko du Laudioko eta Amurrioko lantegietan, enpresa batzordearen gehiengoak hartutako erabakiaren aurrean.

Konpainiak beste idatzi batean azaldu duenez, "jarrera irekia izan dugu elkarrizketarako eta irtenbideak bilatzeko" ekoizten jarraitze aldera, "erabaki honek lantegiaren eta inguruko enpleguan izango dituen ondorioen jakitun".  

Tubos Reunidos taldeak ere Trapagako eta Amurriko lantegiak gelditzea erabaki du, langile-batzordearekin bildu ostean, eta aldi baterako lan-erregulazio espedientea aurkeztuko duela jakinarazi du.

Konpainiak zehaztu du geldialdia modu ordenatuan gauzatuko dutela.

Aernnovak gaur bertan gelditu du Berantevillan duen lantegiko produkzioa, langileek hala eskatuta. Goizean beharginek protesta egin dute alarma egoera aintzat hartuta eta langileen osasuna bermatze aldera fabrika berehala ixteko eskatuz.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Krisia Basauriko argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Tubacex albisteak Laudioko argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur Industria sektorea gaur Aiaraldea Alarma-egoeraren amaiera Burdingintza