Ekonomia -
Nafarroako Auzitegia
Osasunaren kontuak eta errealitatea desberdinak zirela ohartu zen Ogasuna
Osasunaren diruzainak Ogasuneko teknikariari esan zion galerak izan zituztela, kontuetan etekina lortu zutela agertzen zen arren.
agencias | redacción
Oscar Martinez Bujandak, Nafarroako Ogasun ikuskaritza zerbitzuaren arduradun ohiak, Osasunaren aurka ustez partiduak erosteagatik egiten ari diren epaiketan adierazi duenez, "antza gutxi" zuten Osasunaren urteko kontuek eta errealitateak.
Martinezek lekuko gisa deklaratu du Nafarroako Auzitegian, eta Osasunaren kontu horien testuingurua azaldu du. Hala, gogorarazi du Europar Batasunak espedientea ireki ziola Espainiari futbol klubei Estatu laguntzak ematea leporatuta.
EBren arabera, klubak ziren heinean, Elkarteen gaineko Zerga mesedegarriagoa zuten Kirol Elkarte Anonimo gisa baino.
Horregatik, Foru Ogasuna Osasunarekin jarri zen harremanetan, espedientearen aurkako alegazioak prestatzeko dokumentazio eske, "erabakigarria" baitzen Osasunak irabaziak edo galerak zituen jakitea.
Eskatutako dokumentazioa ez zen Ogasunera iristen, eta Ogasuneko teknikariek Osasunako diruzainarekin, Sancho Bandresekin, 2014ko otsailaren 3an batzarra egitea erabaki zuten.
Bandresek, auziperatuta dagoenak, esan zien galerak izan zituztela, kontuetan etekina lortu zutela agertzen zen arren.
Ogasunak Europar Batasunari adierazi zion ez zela laguntzarik izan, Osasunak ia urtero galerak izan zituelako.
Martinez Bujandak azaldu du espedientea 2016an itxi zela eta Estatuaren laguntzak izan zirela ondorioztatu zela, baina klubaren etekina ez zenez 4.000 eurora iristen, ez zegoela erregularizaziorik egin beharrik.