Ekonomia -
Energia berriztagarriak
Urkullu: "Euskadik berriztagarrien nazioarteko merkatuan lider izan nahi du"
Ekian, Euskadiko eguzki-parke fotovoltaiko handienaren inaugurazioan egin ditu adierazpenok Urkulluk, Arasur industrialdearen ondoan, Erriberabeitian (Araba).
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan, urtarrilaren 27an, ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien proiektuak bultzatzen jarraituko ditu, hainbat teknologia konbinatuta, Euskadik energia mota horren "nazioarteko merkatuan lider den lurraldea" izan nahi duelako.
Ekian Euskadiko eguzki-parke fotovoltaiko handiena da eta Arasur industrialdearen ondoan dago, Erriberabeitian (Araba). 55 hektareako hedaduran, 67.000 panel fotovoltaiko ditu, urtean 40.000 MWh sor ditzaketenak, eta 15.000 familia ingururen urte bateko behar elektrikoak asebetetzeko nahikoa dena.
Ekian proiektu aitzindaria da, lankidetza publiko-pribatuaren bidez eguzki-parke bat sustatzen den lehen aldia baita. Bi sustatzaileak Energiaren Euskal Erakundea (EEE) -Exekutibo Autonomoaren Energia Agentzia- eta Mondragon Korporazioko Krean Taldea dira. 26 enpresa inbertitzailek parte hartzen dute, guztiak euskaldunak.
Urkullurekin batera Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Iñigo Ansola EEEko zuzendaria eta Krean Taldeko Jon Berbel izan dira.
Lehendakariak azpimarratu duenez, Ekianek erronka ekologiko-energetikoa eta teknologiko-digitala uztartzen ditu, eta azaldu duenez, 2030ean energia berriztagarriaren % 15eko maila lortzeko eta Euskadin jatorri berriztagarriko kontsumoa % 32ra igotzeko helburu bikoitzaren barruan kokatzen da.
Parke horretako lanak 2019ko apirilean hasi ziren, eta zortzi hilabetez luzatu dira, 24 milioi euroko inbertsioarekin. Joan den abenduan egin zituzten lehen ekoizpen probak, lehenik Irizar konpainiaren autobus elektriko baten zamarekin eta ondoren lantegiko sarerako konexioarekin. Une honetan bere ahalmenaren % 90 ekoizten ari da.
Elkianek 355 watt-eko 67.000 eguzki panel ditu, guztira 24 MW instalatuta, eta horrek bikoiztu egiten du Euskadin orain arte zegoen ahalmen fotovoltaikoa euskal geografia osoan zehar banatutako instalazio txikietan. Urtean 14.600 tona CO2 isurtzea saihestuko duela aurreikusi dute.