Ekonomia -
Lege dekretua
Espainiako Gobernuak % 0,9 igoko ditu erretiro-pentsioak 2020an
"Ez da pentsiodunen erosteko ahalmenaren murrizketarik izango, 2021eko apirila baino lehen" ordainsari konpentsatzaile bat jasoko baitute, urteko inflazioak igoera hori gainditzen badu.
Agentziak | erredakzioa
Erretiro-pentsioak % 0,9 igoko dira urtarrilaren 1etik aurrera, Espainiako Gobernuak astearte honetan onartu duen lege-dekretuaren arabera.
Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak esan du igoera horrekin ez dela "pentsiodunen erosteko ahalmenaren murrizketarik izango"; izan ere, pentsiodunek "2021eko apirila baino lehen" jasoko dute ordainsari konpentsatzaile bat, urteko inflazioak igoera hori gainditzen badu.
Sanchezek azaroaren 10eko hauteskundeen aurretik aurreratutako neurria da, urtero pentsioak aurreikusitako inflazioaren arabera berriro baloratzeko konpromisoa hartu baitzuen orduan.
Gobernuak egiten duen inflazioaren batez besteko aurreikuspenari erantzuten dio igoerak, eta igoera horrekin ia 10 milioi pentsiodunekin hartutako konpromisoa betetzen duela azaldu du Sanchezek. Horrenbestez, erosteko ahalmena galtzeak ekarri zien "% 0,25eko gehienezko igoera" zuzendu du.
Mariano Rajoyren gobernuak 2013an onartutako errebalorizazio-indizea (IRP) izan du hizpide Sanchezek. Indize horrek formula bat ezarri zuen erretiro-pentsioen urteko igoera kalkulatzeko, sistemaren finantza-egoerak markatuta; hala, Gizarte Segurantzak defizita bazuen, urtean % 0,25eko gutxieneko igoera baino ez zen bermatzen.
Sanchezek azaldu duenez, "mekanismo hori adostasunik eta elkarrizketarik gabe eta Toledoko Itunetik kanpo ezarri zen".
Moncloatik jakinarazi dutenez, igoera hori "otsaileko nominan aplikatuko da, eta urtarrileko atzerapenak sartuko ditu".
Ministro Kontseiluak astearteetan egingo dituzte
Bestalde, Ministro Kontseiluaren ohiko bilerak astearteetan egingo dituzte, ostiraletan egin beharrean.
Aldaketa hori gaur bertan jakinarazi die ministroei Espainiako Gobernuko presidenteak, kabinetearen lehen bileran helarazi dien gutun batean.
Sanchezek "antolaketa arrazoiak" argudiatu ditu eta "planifikatzeko" eta gertakariei aurrea hartzeko eta "arazoei presaz eta eraginkortasunez erantzuteko" aldatu duela esan du.
Sanchez "lehenbailehen" bilduko da Torrarekin
Bestalde, Sanchezek esan du Quim Torra Generalitateko presidentearekin "lehenbailehen" biltzea espero duela, lurraldeen arteko elkarrizketa prozesu bat irekitzeko eta Kataluniako gatazka politikara itzultzeko.
Gobernuaren helburua "Kataluniako krisia inoiz irten behar ez zuen tokian birkokatzea da, arlo politikoan", eta ez bide judizialean edo penalean. Torrarekin biltzeko "arazorik" ez duela esan ostean, bi buruzagien kabineteak etorkizuneko bilera hori antolatzen ari direla azaldu du Espainiako presidenteak.