Ekonomia -
Eustaten datuak
EAEko ekonomiaren hazkundeak hobera egin du hirugarren hiruhilekoan,% 2,1era arte
Enplegua % 1,6 hazi da 2018ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 0,4, berriz, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak % 2,1 egin du gora aurtengo hirugarren hiruhilekoan, iazko epe bereko datuekin alderatuta, eta, horrenbestez, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) EAErako aurreikusitako hazkunde ekonomikoak hamarren bat egin du gora.
Eustatek uztaila-iraila aldiko hiruhileko kontuen aurrerapena argitaratu zuen urriaren 30ean. Horren arabera, EAEko ekonomia % 2 igo da urte batetik bestera, eta % 0,4, aurtengo aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Astelehen honetan zabaldutako hiruhileko kontuei buruzko estatistikaren arabera, EAEko ekonomiak hamarren bat egin du gora, eta % 2,1 hazi da 2018ko epe bereko datuekin alderatuta, eta % 0,5, aurreko hiruhileko datuekin alderatuta.
Enplegua, lanaldi osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta, % 1,6 igo da 2018ko hirugarren hiruhileko datuekin alderatuta, eta % 0,4, aurreko hiruhileko datuekin alderatuta.
Eskaintzaren ikuspegitik, eta produkzio sektoreen bilakaerari erreparatuta, urte arteko tasek sektore guztietan gorako joera dutela ikus daiteke, lehen sektorean (nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza) izan ezik, sektore horretan % 1,8 egin baitu behera 2018ko hirugarren hiruhileko datuekin alderatuta.
Industria eta energia sektoreak 2018aren amaieratik hautemandako gorako joera handi samarrari eutsi dio, % 0,7ko urte arteko igoerarekin. Dena dela, urte arteko moteltze horren eraginez, sektoreak % 0,2ko uzkurdura izan du aurreko hiruhilekoaren aldean. Manufaktura industriaren dinamismoa sektorearen osotasunarena baino ahulagoa da, urte arteko % 0,3ko hazkundearekin eta hiruhileko arteko % 0,4ko atzerapenarekin.
Eraikuntza sektoreak aurreko hiruhilekoan hautemandako gorako erritmoari eutsi dio, 2018ko hiruhileko beraren aldean % 2,9ko tasa positiboarekin. Hiruhilekoen arteko bilakaera ere positiboa da, aurreko hiruhilekoaren aldean % 1,5eko igoera izan baita (urteko bigarren hiruhilekorako zenbatetsitako hiruhilekoen arteko gorakada apalagoa izan zen, % 0,2koa).
Zerbitzu sektorearen jarduera globalak aurreko hiruhilekoan hautemandakoa baino bilakaera positiboagoa izan du, % 2,7 hazi baita urtebetean, eta % 0,7, berriz, aurreko hiruhilekoko datuekin alderatuta. Gainerako zerbitzuen azpisektoreak izan du azpisektoreen artean portaerarik onena (azpisektore horretan sartzen dira, besteak beste, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, jarduera finantzarioak eta aseguru-jarduerak). Balio erantsiak % 2,8 egin du gora urtebetean, eta % 0,5, berriz, aurreko hiruhilekoko datuarekin alderatuz gero. Urte arteko tasa eta hiruhilekoen arteko tasa urteko bigarren hiruhilekoan zenbatetsitakoak baino hamarren bat txikiagoak dira.
Merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren azpisektoreak hazkundea bizkortu du hirugarren hiruhilekoan, urte arteko kopuruei dagokienez (% 2,6 hazi da, % 2,5eko hazkundearen aldean) zein hiruhileko arteko kopuruei dagokienez (% 0,9 hazi da, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago).
Azkenik, Administrazio Publikoaren, Hezkuntzaren, Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen balio erantsia aurreko urteko hiruhileko berean hautemandakoa baino % 2,4 gehiago hazi da, eta 2019ko bigarren hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino % 0,6 gehiago. Urte arteko hazkundea bigarren hiruhilekoan hautemandakoa baino hamarren bat handiagoa da, eta hiruhilekoen arteko hazkundea berbera da.