Ekonomia -

Eustat

EAEko ekonomia % 2,2 hazi da bigarren hiruhilekoan, baina BPGaren igoera murriztu da

Bestalde, enpleguak % 1,7 egin du gora 2019ko bigarren hiruhilekoan, urte arteko tasan (lehen hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago), eta % 0,5 hiruhileko artean.

Behargin bat lantegi batean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
EAEko ekonomia % 2,2 hazi da bigarren hiruhilekoan.
Behargin bat lantegi batean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinak (BPG) % 2,2ko hazkundea izan du 2019ko bigarren hiruhilekoan aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, eta % 0,6koa urteko lehen hiruhilekoaren aldean. Bi hazkunde tasak aurreko hiruhilekorako zenbatetsitakoen berdinak dira. Halaber, enpleguak % 1,7 egin du gora bigarren hiruhilekoan urte arteko tasan, eta % 0,5 hiruhileko artean, Eustat estatistika erakundeak jakinarazi duenez.

Urteko bigarren hiruhilekoko hazkunde tasek aurreko uztailaren 30eko kontuen aurrerapenean zenbatetsitako bilakaera berresten badute ere, BPGaren urte arteko tasa hamarreko bat murriztu da.

EAEko lurralde historiko bakoitzeko BPGaren bilakaerari dagokionez, urte arteko hazkunderik handiena Gipuzkoan izan da, % 2,5eko gehikuntzarekin, eta ondoren, Bizkaian, % 2,1ekoarekin. Araban izan da hazkunderik txikiena, eta 2019ko bigarren hiruhilekoko BPGa 2018ko bigarren hiruhilekokoa baino % 1,8 handiagoa izan da. Urteko lehen hiruhilekoaren aldean, Gipuzkoa % 0,7 hazi da, Bizkaia % 0,6 eta Araba % 0,5.

Enplegu mailei dagokionez, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, oro har, enpleguak % 1,7 egin du gora 2019ko bigarren hiruhilekoan, urte arteko tasan (lehen hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago), eta % 0,5 hiruhileko artean (lehen hiruhilekoan hazi zena baino bi hamarren gehiago).

Urteko lehen hiruhileko datuekin alderatuta, sektore guztietan lanpostuak sortu dira: lehen sektorean % 0,5eko hiruhileko arteko tasa positiboa eman da, industrian % 0,4koa, eraikuntzan %1,1ekoa eta zerbitzuetan % 0,5ekoa.

Eskaintzaren ikuspegitik, 2019ko bigarren hiruhilekoko BPGren urte arteko hazkundea jarduera sektore guztietan izandako bilakaera positiboaren ondorio da -lehen sektorean izan ezik-. Zerbitzu sektorea eta eraikuntza nabarmendu dira; industriak hazkunde txikiagoa erregistratu du, hirugarren hiruhilekoz jarraian.

Lehen sektoreak bilakaera negatiboa erregistratu du, eta, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, % 0,1 murriztu da balio erantsia. Hala ere, aurreko hiruhilekoaren aldean, bilakaera positiboa da, hiruhileko arteko % 2,5eko hazkundea izan baita.

Industria sektoreak % 0,8ko urte arteko hazkunde tasa izan du bigarren hiruhilekoan, aurreko bi hiruhilekoetan hautemandako tasak baino pixka bat handiagoa, baina azken bost urteetan zenbatetsitako bilakaeraren azpitik. Hiruhilekoen datuak kontuan hartuz, hazkunde horrek % 0,6ko tasa dakar. Manufaktura industriaren bilakaera industria osoa baino hamarren bat azpitik kokatu da, hala urte arteko datuei nola hiruhileko arteko datuei dagokienez.

Eraikuntza sektoreak aurreko hiruhilekoetan baino dinamismo txikiagoa erakutsi badu ere, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, % 2,9 hazi da. Hiruhileko arteko hazkundea % 0,2koa dela kalkulatu da.

Zerbitzu sektorea etengabe hazi da jarduerako hiru azpisektoreetan. Oro har, 2018ko bigarren hiruhilekoaren aldean % 2,6 hazi da eta, 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,5. Merkataritza, ostalaritza eta garraio adarrak erakutsi du dinamismorik txikiena, hiruhilekoan izan duen hazkundea aurreko hiruhilekoetan izandakoa baino pixka bat txikiagoa delako; urte arteko datuak hartuz, adar hori % 2,5 hazi da eta, hiruhileko arteko datuak hartuz, % 0,5.

Bestalde, eskaeraren ikuspegitik, urte arteko datuei dagokienez, kanpo sektoreak BPGren hazkundean izandako ekarpen positiboa nabarmendu da urteko bigarren hiruhilekoan. Hori gertatu da barne eskaeraren urte arteko hazkundea (% 2,0) BPGaren urte arteko hazkundea (% 2,2) baino txikiagoa delako, neurri handi batean kapital eraketa gordinak indarra galdu duelako. Esportazioek eta inportazioek jokabide positiboa izan duten arren, esportazioak inportazioak baino gehiago hazi dira (% 2,8 eta % 2,6, hurrenez hurren).

Familia etxeen azken kontsumoko gastuak edo kontsumo pribatuak urte arteko hazkundeko profila pixka bat moteldu du, % 1,9ko aldakuntza tasa emanez (2019ko lehen hiruhilekoan ikusitako % 2,2rekin alderatuta). Hiruhileko arteko datuak % 0,3 hazi dira, aurreko hiruhilekoan hazi zena baino hamarren bat azpitik.

Bestalde, kapital eraketa gordinak edo inbertsioak dezelerazio bat izan du 2019ko bigarren hiruhilekoan, %2,5eko urte arteko hazkunde tasa erakutsiz, aurreko hiruhilekotan hautemandakoak baino txikiagoa; urteko lehen hiruhilekoaren aldean %0,3 egin du atzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Enpresaburuak Merkataritza Eustat BPGd Euskadi