Ekonomia -
Greba
Bizkaiko metalgintza, beste greba baten atarian
Aldeen arteko azken negoziazioetan, ez da aurrerapenik izan. Irailaren 30erako eta urriaren 1, 2, 3 eta 4rako dago deituta greba, eta 50.000 langilek baino gehiagok parte har lezakete.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenaren negoziazio-mahaia asteazken honetan bildu da, baina ez da aurrerapenik izan, eta, hortaz, sektorea beste greba baten atarian dago. Irailaren 30erako eta urriaren 1, 2, 3 eta 4rako dago deituta greba hori, eta 50.000 langilek baino gehiagok parte har lezakete.
Iturri sindikalek zabaldu dutenez, sindikatuek FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioari helarazi diote hilaren 10ean azaldutako proposamena "nabarmen urria" dela.
Hortaz, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk iragarritako mobilizazio-egutegiari eutsiko diote; besteak beste, hilaren 21ean, larunbatarekin, manifestazioa egingo dute Bilbon, eta 30etik aurrera aipatutako greba egingo dute. ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuek ere bat egin dute grebarekin.
Greba-deialdi hau ez da azken hilabeteotako lehenengoa; izan ere, maiatzean eta ekainean beste bost greba-egun egin zituzten.
Soldata-igoera, "urria eta korapilatsua"
Negoziazio-mahaiaren azken bileran, FVEMek hitzarmenerako eskaintza berria aurkeztu zuen. Patronalak jakitera eman zuenez, eskaintza horretan 2019rako % 4,15eko soldata-igoera zegoen; horrez gain, gutxieneko bermea aurreikusten zuen hitzarmen-tauletatik gora dauden langileentzat; eta, halaber, eskaintza berri bat mahaigaineratzen zuen emakumearen berdintasunari dagokionez. Azkenik, segurtasunaren eta lan-osasunaren inguruan hobekuntza bat proposatzen zuen; hobekuntza horrek, patronalaren esanetan, "inguruko" beste hainbat sektore-hitzarmenek jasotzen dutenarekin bat egiten du.
Iturriek sindikalek zehaztu dutenez, aurreko proposamenak kontuan izanik, berritasun bakarra azken alderdi honetan datza: soldata-igoeran. Dena dela, igoera hori "urria" eta "korapilatsua" delakoan daude.
Bi aldeek astelehenean egingo dute beste bilera bat, asteburuko mobilizazioen ostean; izan ere, larunbatean, metalgintzako langileek manifestazioa egingo dute Bilbon.