Ekonomia -
Bost greba-egun
Bizkaiko metalgintzaren sindikatuek irailerako era urrirako grebei eutsiko diete
FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioarekin bildu dira, baina berretsi dute iragarritako egunetarako greba deituko dutela, alegia, irailaren 30erako eta urriaren 1, 2, 3 eta 4rako.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko metalgintzaren sindikatuek astearte honetan jakitera eman dutenez, irailerako eta urrirako deituta zeuden greba-egunei eustea erabaki dute. Hain zuzen ere, irailaren 30rako eta urriaren 1, 2, 3 eta 4rako deialdiak daude indarrean; zehaztu ere zehaztu dute adostutako gainerako mobilizazioei ere eutsiko dietela. Bilera izan dute, Bilbon, Lan Harremanetako Kontseiluan, FEVM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioarekin, baina erakunde horrek plazaratutako eskaintza, hitzarmen sektorialaren harira, "eskasa" da.
Bizkaiko Metalgintzaren Negoziazio Mahaian ordezkatuta dauden sindikatuek arratsaldean prentsaurrekoan zabaldu dutenez, alegia, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTek azaldu dutenez, FEVMek ez die erantzunik eman sindikatuek maiatzaren 10ean mahaigaineratutako edukiei; halaber, FEVMek ez du ezer proposatu "subrogazio-eskubidearen gainean, ez eta egonkortasunarekin lotuta dauden hainbat arlori dagokienez (adibidez, behin-behinekotasunaz, edo Aldi Baterako Lanaren enpresez)".
"Berretsi egiten dugu: patronalak ez du nahi sektoreak sortutako aberastasuna banatzea, eta nahi du baldintzak geroz eta ezegonkorragoak izatea, Bizkaiko Metalgintzan", deitoratu dute.
Manifestazioa Bilbon, irailaren 21ean
Kritikatu ere kritikatu dute patronalak "atzerakadaren elementuei eustea, malgutasunari eta bajei dagokienez". Greba-egunez gain, sindikatuek manifestazioa egingo dute Bilbon irailaren 21ean, eguerdiko hamabietatik aurrera, Euskadi Plazatik abiatuta; Areatzan amaituko da manifestazioa.
Negoziazio Mahaiaren ondorengo bilera irailaren 18an egingo dute, 12:30ean. Dena dela, sindikatuek Bizkaiko Metalgintzaren borroka berrindartzeko deia egin dute, eta hortaz, gogora ekarri dute ostegun honetan elkarretaratzea izango dela Bilboko Portuaren aurrean (Zierbenatik sartuta), 13:30etik 14:30era, greba-eskubidearen alde eta sindikatu-jazarpenaren aurka, HAIZEA WIND enpresaren jarrera salatzeko. Gainera, erabaki dute borroka sozializatzen jarraituko dutela, hainbat gizarte-eragilerekin batzartuz, eta Bizkaiko Foru Aldundian eta hainbat udaletan mozioak aurkeztuz (Bilbon, Barakaldon, Erandion, Basaurin, Gernikan, Durangon, Igorren, Mungian edo Zamudion).