Ekonomia -
Gasteizko autobusen zerbitzua
Tuvisako langileek greba mehatxua egin diote Udalari akordioa 'hautsi' izanagatik
Gasteizko hiri-autobusen enpresa kudeatzaileak maiatzaren 3an adostutako akordioa bete ez izana egotzi dio Gasteizko Udalari.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko hiri-autobusen zerbitzua (Tuvisa) kudeatzen duen enpresa batzordeak maiatzaren 3an langileen greba bertan behera uzteko adostutako akordioa "bete ez izana" egotzi dio Gasteizko Udalari.
Langileen ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dutenez, Udalak ez ditu agindutako pausuak bete. Gorka Urtaran Gasteizko jarduneko alkateak, ordea, akordioa hautsi izana ukatu du.
Francisco Guzman enpresa batzordeko presidentearen esanetan, Udalak "konpromiso guztiak hautsi ditu"; horren harira, ibilbide amaierako geltokietan komunak jartzeko "esleipenen zain gauden bitartean", gainerako gaietan "ez dituzte aurrerapausorik eman".
"1. eta 8. lineen maiztasuna aldatzeko konpromisoa hartu zuen Udalak, egun 10 minuturo pasatzen baitira eta 12ra igotzeko konpromisoa hartu baitzuen ibilbidea denbora gehiagoz egiteko aukera izateko eta 6. linea indartuko duen autobus bat libre uzteko; halaber, ibilbide periferikoak indartzeko erabilitako autobusak finkoak izango zirela agindu zuen Udalak, eta neurriok ekainaren 1ean indarrean sartuko zirela esan zuen eta ez du horrela egin", salatu du Guzmanek.
Gaueko lineen harira, "bost orduko zerbitzu gehigarria adostu genuen gautxorientzako, eta ekainaren 1etik aurrera etengabeko zerbitzua martxan jarri dute, baina oraindik falta da jai egunetako bezperetakoa zein ostiraletik larunbaterakoa ipintzea", gaineratu du.
Horrenbestez, egoera aldatzen ez bada berriro mobilizazioak abiatuko dituztela ohartarazi du Guzmanek. "Udalaren jarrera ikusi arte itxarongo dugu, eta ez bada aldatzen, langileen bilerara eramango dugu eta horrela erabakitzen bada mobilizazioak abituko ditugu berriro", esan du.
Urtaranek Tuvisako enpresa batzordearen kritikei erantzun die eta "adostutakoa betetzen ari direla" azpimarratu du.
"Tuvisako administrazio-kontseiluarekin adostu bezala, ekainaren 11tik aurrera indarrean sartuko dira neurriok", azaldu du Urtaranek. Halaber, lan-eskaintza publikoaren oinarriak Funtzio Publikoaren Sailera bidali dituztela esan du. Aurretiko erretiroen harira, berriz, "araudia aldatzea beharrezkoa dela eta hori egun batetik bestera egiten ez dela" gaineratu du jarduneko alkateak.
Horrenbestez, Urtaranek ezin du ulertu "zer den bete ez dutena". "Tuvisako langileek arduratsu jokatu behar dute eta kontuan hartu zeintzuk diren beren lan-baldintzak eta zeintzuk dira enpresatik kanpo daudenak", azpimarratu du.