Ekonomia -

Osakidetza

Hiru sendagile deitu dituzte deklaratzera, Osakidetzako irregulartasunekin lotuta

Ikerketa burutu ostean, fiskalak ezagutarazte delitua egotzi die hiru sendagile horiei, eta auzipetu gisa deitu ditu deklaratzera.

Osakidetzaren lan eskaintza publikoa. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Osakidetzaren lan eskaintza publikoa
Hiru sendagile deitu dituzte deklaratzera, Osakidetzako irregulartasunekin lotuta

0:47

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko epaitegi batek Osakidetzako Anestesiologiako, Angiologiako eta Digestio zerbitzuetako sendagile arduradunak deitu ditu deklaratzera. Izan ere, lan eskaintza publikoan izandako filtrazioen erantzuletzat jo ditu fiskalak.

Hainbat sindikaturen salaketen ondorioz, EAEko Fiskaltza Nagusiak eginbideak abiatu ditu 19 espezialitatetan irregulartasunak egon ote ziren ikertzeko. Ikerketa burutu ostean, fiskalak ezagutarazte delitua egotzi die hiru sendagileri, eta auzipetu gisa deitu ditu deklaratzera.

Asteazkenean, Gasteizko 2. zenbakidun Instrukzio Epaitegira igorritako epaian zehazten da tramitera onartu dutela Fiskaltzak aurkeztutako salaketa, eta aurre-eginbideei hasiera ematea adosten du epaileak.

Horrela, desleialtasun delituengatik eta isilpeko informazioa azaleratzeagatik deklaratu beharko dute auzipetutako hiru medikuek. Gainera, beste hamar sendagilek lekuko gisa joan beharko dute deklaratzera.

Epaiketa maiatzaren bukaeran izango da, eldiarionorte.es egunkari digitalak aurreratu eta EFE albiste agentziak iragarri duenez.

Fiskaltzak bere idatzian jaso zuenaren arabera, hiru sendagile horiek izan ziren aipatu espezialitateetako galderak idatzi zituztenak, eta kasu guztietan haiekin lanean zeuden oposiziogileek izan zituzten emaitza onenak azterketan. Horregatik, filtrazio zantzuak antzeman dituzte.

Bestalde, beste espezialitate batzuetan ere irregulartasun zantzuak hauteman dituzte, baina horien erantzuleak zein diren ikertzen dabiltza oraindik ere.

Horretarako, Fiskaltzak beste hamar mediku deitu ditu deklaratzera, lekuko gisa. Hain zuzen ere, Kardiologia, Traumatologia, Kirurgia Plastikoa, Urologia, Medikuntza intentsiboa, Larrialdiak, Mikrobiologia eta Kardiobaskular espezialitateetako azterketak ikertuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Medikuak