Ekonomia -

Ikerketa

Fiskaltzak 'delitu zantzuak' ikusi ditu Osakidetzako lan eskaintza publikoan

Probetan izandako ustezko irregulartasunetan Osakidetzako Zuzendaritza "funtsezko figura" izan dela dio Fiskaltzak. ELA, ESK eta CCOO sindikatuek Jon Darponen dimisioa eskatu dute.

ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Fiskaltzak delitu zantzuak ikusten ditu Osakidetzaren lan eskaintza publikoan
ELAren arabera, Fiskaltzak delitu zantzuak ikusi ditu Osakidetzako LEPan

1:38

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak 2018ko ekainaren 5ean abiatutako ikerketa bukatu du, ELA sindikatuak agiri batean aurreratu duenez. “Sekretu agerrarazte delitu baten zantzuak” ikusi ditu ikerbideak, eta horregatik, ondorioak epaitegiari igorri dizkio, gertakariak ikertu eta erantzukizunak argitzeko.

Zenbait sindikatuk salaketa aurkeztu ondoren, Fiskaltza Nagusiak ikerbidea hasi zuen ekainaren 5ean, Osakidetzaren lan eskaintza publikoaren 19 espezialitate medikoren probetan irregulartasunak izan ote ziren ikertzeko.

ELA sindikatuak Fiskaltzaren idatziaren zati bat eman du argitara astelehen honetan. Probetan izandako ustezko irregulartasunetan Osakidetzako Zuzendaritza “funtsezko figura” izan dela dio Fiskaltzak.

HAEEri azterketa teorikoak egiteko ardura ematea erabaki bazuten ere, “azkenean Osakidetzako Zuzendaritzak aukeratu zituen azterketa prestatuko zuten pertsonak, espezialitate mediko bakoitzerako pertsona bat ezartzen zuen zerrenda baten bitartez”.

“Izenak eman zituzten pertsonak Giza Baliabideen zuzendaria (dimisioa aurkeztu zuen Juan Carlos Soto), Giza Baliabideen zuzendariordea eta Osasun Arretako zuzendaria izan ziren”, azaldu du Fiskaltzak.

Fiskaltzaren hitzetan, HAEEk ez zekien emandako zerrendan agertzen ziren pertsona batzuk epaimahai batzuetako kideak ere bazirela.

“Kideak aukeratzen zituenak ordea, bazekien bazela lehen azterketa prestatzeaz gain, proba hori zuzendu eta bigarrenean parte hartuko zuenik”, zehaztu du Fiskaltzak.

“Profesional bat ala bestea aukeratzeko erabakia arbitrariotasuna baztertzeko kontrolik gabe” hartzen zela dio Fiskaltzak idatzian. “Hautaketan ez dago irizpide objektiborik”, erantsi du.

"Profesional bat ala bestea aukeratzeko erabakia arbitrariotasuna baztertzeko kontrolik gabe hartzen zen"

ELAren ahotan, epaimahaien erabakia ere oztopatu du Osakidetzak, eta ez da homogeneotasunik izan. Kasu batzuetan HAEEk bi azterketak egitea erabaki zuen, beste batzuetan, ordea, bigarren proba epaimahaiak berak egin zuen.

Halaber, balizko irregulartasunak argitara atera zirenean, Osakidetzako zuzendaritzak partzialtasunez jardun zuela dio Fiskaltzak, eta Angiologiako kasua aipatu du adibide moduan. Azterketa errepikatu beharko balitz, epaimahaiko bokala aldatu beharko litzatekeela esan zuten tribunaleko kideek, azterketak filtratzeagatik susmagarria zelako. Alabaina, Giza Baliabideetako zuzendaritzak ez zuen halakorik egin eta pertsona hori epaimahaian mantendu zuen, bi azterketak berak prestatu zituela jakin arren.

Gainera, Angiologiako eta Kirurgia Baskularreko azterketengatik abiarazitako ikerketak Giza Baliabideetako zuzendariordearen esku utzi zituzten, nahiz eta pertsona horrek erabaki azterketa nork prestatu behar zuen.

ELAren arabera, Fiskaltzaren txostenak dio hiru zerbitzu-buru direla ustez filtrazioak egin zituztenak: Anestesiologia eta Erreanimazioa, Angiologia eta Kirurgia Baskularra, eta Digestio-aparatua alorretakoek.

Gauzak horrela, eta Fiskaltzaren ondorioak aintzat hartuta, ELAk azpimarratu du Jon Darpon Osasun sailburuak "berehala" utzi behar duela kargua.

Filtrazioen eskandaluak, oraingoz, ondoko dimisioak eragin ditu: Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiarena, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariarena eta Ricardo Ituarte Ekonomia zuzendariarena.

72.500 pertsona aurkeztu ziren lan eskaintza publikora. Kritika ugari jaso ondoren, Osakidetzak barne ikerketa bat zabaldu zuen, eta hiru espezialitate medikotako bost azterketa errepikatzea erabaki zuen. Hala ere, Fiskaltzaren aurrean 19 espezialitateren inguruko salaketak aurkeztu zituzten.

Sindikatuak eta oposizioa, Eusko Jaurlaritzari kargu eske

LABek esan du “zuhurtziaz eta diskrezioz” jokatuko duela, sindikatu abertzaleak eta ESK-k batera aurkeztu zuten salaketaren ondotik Fiskaltzak abiatutako ikerketak “bere fruituak eman ditzan”.

Horrela bada, eta ekimen judizialen informazio ofiziala jaso artean, baloraziorik egingo ez duela zehaztu du.

CCOO sindikatuak, berriz, Jon Darpon sailburuaren dimisioa eskatu du. “Fiskaltzak sinesgarritasuna eman die orain arte aurkeztutako salaketei eta honek zalantzan jarri du Osakidetzaren gardentasuna”, adierazi du ohar bidez.

ESK sindikatuaren iritzian, Fiskaltzaren txostenak agerian utzi du “hainbat kategoriatan plazak emateko sistema bat ezarrita” egon dela eta Osakidetzako “buruzagiek horren berri bazekitela”.

Horrenbestez, Jon Darpon Osasun sailburua kargutik “berehala” ken dezala eskatu dio sindikatuak Iñigo Urkullu lehendakariari, “Osakidetza eraberritzeko eta sistema ustelaren amaiera bermatzeko”.

Oposizioko talde parlamentarioek ere antezko adierazpenak egin dituzte, eta Jon Darpon eta Osakidetzako zuzendaritza jarri dituzte jomugan.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Fiskaltzak berretsi egin duela koalizio soberanistak hasieratik salatu duena, hots, “auzi honetan Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaritza nahasita zegoela”.

“Fiskaltzaren idatziak frogatu du kasu honetan arduradun politikoak badaudela eta, ondorioz, Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat ezinbestekoa dela; auzitegian erantzukizun penalak argituko dira, baina ez politikoak; eta ardura politiko horiek Legebiltzarrean argitu behar dira”, azaldu du.

Podemos Euskadiren iritzian, Fiskaltzaren erabakiak agerian utzi du Osakidetzako oposaketetan aukera berdintasuna ez dagoela bermatuta eta plazak emateko “sistema ustela” dela.

Hori dela eta, lan-eskaintza publikoak egiteko “eredu berri bat” adostea ezinbestekotzat jo du.

Laura Garrido Euskadiko PPko legebiltzarkidearen esanetan, Fiskaltzaren txostenarekin Osakidetzako irregulartasunen auzian “jauzi kualitatibo bat” eman da eta orain ardura penalak argitu behar direla erantsi du.

Halaber, Jon Darpon sailburuaren jarrera gogor kritikatu du, gezurretan aritzea eta Legebiltzarra gertakariak estaltzeko erabili izana leporatu dio.

“Fiskaltzak dio Osakidetzako zuzendaritzak erabakitzen zuela nork prestatu behar zituen azterketak eta hori omen da filtrazioen gakoa; guk askotan galdetu dugu horretaz Legebiltzarrean, eta ez dugu erantzunik jaso, ez sailburuarengandik ez Osakidetzako zuzendari ohiarengandik”.

Bien bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak esan dute Fiskaltzaren erabakiaren jakinarazpen ofiziala jaso arte ez dutela adierazpenik egingo.

Hala ere, Fiskaltzak egindako ikerketan “laguntzeko” prest egongo direla erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza ELA LAB Lana Delituak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Sindikatuak CCOO sindikatua ESK sindikatua gaur