Ekonomia -
BISITA BARAKALDORA
Pedro Sanchez ez da La Navaleko langileekin bilduko, 'agenda beteegi' duelako
Barakaldon izan da Sanchez, alkategai sozialistaren aurkezpen ekitaldian. BECen kanpoaldean, La Navaleko langileek protesta egin dute enpresan ezarritako EEEaren kontra.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sestaoko La Naval ontziolako langileek kontzentrazioa egin dute larunbat honetan Barakaldon, BECen aurrean, Alfredo Retortillo PSE-ren alkategaiaren aurkezpena zela eta, antolaturiko ekitaldiaren atarian. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea bertan izan da, baina ezin izan dute berarekin bildu, "agenda beteegi duelako". Hala jakinarazi zien atzo Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Juan Llorden La Navaleko langileen batzordeko idazkariak jakitera eman duenez.
Bilbao Exhibition Center parean, hainbat pankarta zabaldu dituzte langileek Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) salatzeko eta ontziolaren etorkizuna bermatzeko eskatzeko.
"Pedro Sanchezek argi utzi du ez duela sozialistatik ezer, eta are gutxiago langiletik, bere betebeharra baita borrokan ari diren langileekin biltzea eta Ezkerralde guztiko lanpostuak defendatzea" salatu du Llordenek.
Astebete edo bitan, Reyes Maroto Industria ministroarekin bilduko dira. "Orain arteko bilerak bezalakorik ez dugu nahi. Irtenbideak nahi ditugu" esan du Llordenek. Ildo horretan, "kaleratuak izatear" daudela gogorarazi du eta badagoela irtenbidea ere zehaztu du: "Gobernuak, SEPIren bidez, ontziolan geldiarazita dagoen draga bere gain hartu dezake, eta hori 20 hilabeterako lana litzateke La Navaleko 1.000 langilerentzat eta enpresa laguntzaileetako beste hainbesterentzat".
Aurreko asteazkenean izan zuten bileran Industria ministroari euren eskuetan dagoen txosten juridikoa ere helarazi ziotela adierazi du Juan Llordenek. Txosten horren arabera posible da Espainiako Gobernua, EAEkoa eta Bizkaiko Diputazioa, inbertsore pribatu batekin -akzioen gehiengo ez du izan behar azken honek- ontziolaren jabe bihurtzea. "Hasi daitezela bide horretan lanean".
Inbertsoreei dagokionez, "berririk ez" dutela jakinarazi du La Navaleko langileen batzordeko idazkariak : "Dakiguna da 14 hilabete daramatzatela inbertsore bila, duela bi aste Arantxa Tapiak esan zuen bi inbertsore oso gertu zirela, duela hiru egun esan zuen zantzuak zeudela eta egunero zerbait ezberdina esaten ari da" kritikatu du.
Ostegunean 2.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Ezkerraldean egin zen manifestazioan, Navaleko lan-erregulazioko espedientearen eta itxieraren aurka protesta egiteko. Josu Bergara, Mikel Torres, Amaia del Campo eta Aintzane Urkijo (Sestao, Portugalete, Barakaldo eta Santurtziko alkateak, hurrenez hurren) ere izan ziren bertan.