Ekonomia -
Hipotekak
Hipotekei lotutako gastuak erdibana ordainduko dituzte bankuak eta bezeroak
Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, notarioko eta gestoriako gastuak erdibana ordaindu beharko dituzte bankuek eta bezeroek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak hipotekei lotutako gastuak nola ordaindu behar diren zehaztu du: notarioko eta gestoriako izapideak erdibana ordaindu beharko dituzte bankuak eta bezeroak; hipoteka erregistratzeko gastuen kasuan, izen-ematea bankuak ordainduko du eta baliogabetzea mailegu-hartzaileak.
Hipoteken gaineko zergari dagokionez, hasiera batean bankuek ordaindu behar zutela ebatzi zuten; ondoren, atzera egin eta zerga hori bezeroak ordaindu behar zutela erabaki zuten. Kasu honetan, ez dago aldaketarik. Bezeroak ordaindu beharko du.
Espainiako Gobernuak legea aldatu zuen joan den azaroan, gastu hori bankuen esku gera dadin. Alabaina, Gorenaren ebazpenaren arabera, lege-dekretu horrek hipoteka berrietan soilik izango du eragina.
Gaur jakinarazitako bost ebazpenetan, hipotekak irekitzeagatik ezarritako klausulak ere izan dituzte hizpide. Goreneko magistratuen arabera, hipotekaren prezioaren barnean sartzen dira eta bezeroari aurkeztutako baldintzetan hala azalduta dago. Beraz, kasu horretan bankuek gardentasunez jokatzen dutela dio.
Notarioko eta gestoriako gastuak bankuak eta bezeroak erdibana ordaindu behar dituztela ebatzi du, ekimen horren onuradunak biak direlakoan.
Hipoteka baliogabetzeagatiko gastuak bezeroak ordaindu behar dituela dio; notarioko dokumentuen kopiak, berriz, eskatzaileak.