Ekonomia -

'Euskal Y'

Loza: 'Zaila izango da AHTa Euskadin 2023rako martxan egotea'

Arantxa Tapia kezkatuta azaldu da aukera horren aurrean. Sailburuaren hitzetan, Espainiako Gobernuak nahikoa diru bideratzen ez duela edo "arduraz" jokatzen ez duela esan nahiko luke horrek.

Jesus Loza, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Jesus Loza, prentsaurrekoan.
Espainiako Gobernuak dio zaila izango dela AHT Euskadira 2023an iristea

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak gaur aitortu duenez, "zail" ikusten du 'Euskal Y' 2023rako martxan egotea. Orain arte data hori aipatzen zuen administrazio guztiek.

2019rako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuak Euskal Autonomia Erkidegorako (EAE) aurreikusita dituen diru-partiden nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa eskaini du Lozak, eta bertan egin du iragarpena.

Aurreko urteetan bezala, inbertsioaren kopururik handiena Euskal Y-ra bideratuko du Espainiako Gobernuak: 234 milioi euro, 2018an baino % 22,5 gutxiago.

Lozaren hitzetan, "ez da erraza izango" AHTa eraikitzeko ezarrita zeuden epeak betetzea. Gogorarazi duenez, atzerapena dago abiadura handiko trena Gaztelako goi-lautadarekin lotzeko lanetan —Burgosetik egin behar dute lotunea, eta 27,3 milioiko aurrekontua gorde dute lanotarako—.

Horrez gain, aipatu du erabakitzeke dagoela Mediterraneo pasabidea (Iruñetik igarotzen dena) Gasteizetik edo Ezkiotik (Gipuzkoa) egingo ote duten.

469,3 milioi euro EAErentzat

Espainiako Gobernuko ordezkariak azaldu duenez, Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuak 469,3 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du EAEn, 2018an baino % 10,6 gutxiago, baina 57,44 milioi euroko kapital transferentzia bat ere aurreikusten du, eta 2018n transferentzia hori 3,2 milioikoa baino ez zen izan.

Lozak azaldu duenez, inbertsio txikiena Sustapenean emango da, Mariano Rajoyren Gobernuaren eta EAJren arteko negoziazio eta akordioei esker 2017tik aurrera "ikusgarri" handitu baitzen sail hori eta datozen urteotan "ezinezkoa izango baita hazkunde hori mantentzea".

Bestalde, inbertsioaren harira, partikula-azelerazioaren eta neutronikaren alorreko ikerketa indartzeko 18,6 milioi euro bideratuko dituzte; beste 80,6 milioi euro (% 17 gehiago), Bilbo eta Pasaiako portuetan inbertsioak egiteko; eta, 12 milioi euro, Gipuzkoako espetxe berriarentzat.

Tapia kezkatuta, AHTa 2023rako martxan egongo omen ez delako

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua arduratuta agertu da Abiadura Handiko Trena ez omen delako 2023rako Euskadira helduko. Haren esanetan, Espainiako Gobernuak nahikoa diru bideratzen ez duela edo arduraz jokatzen ez duela esan nahiko luke horrek.

Gai horretaz galdetuta, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Tapiak onartu du 2023rako AHTa martxan egoteko bi baldintza bete beharko liratekeela: aurrekontu konpromisoa hartzea eta azpiegitura horrekin lotutako proiektuak aurrera ateratzeko orduan “arduraz” jokatzea.

Gauzak horrela, "trenbide zerbitzua 2023rako iritsiko dela zalantzan jartzeak beste kontu batzuk ere ezartzen ditu kolokan", adibidez, Gobernuak horretarako beharrezkoa den dirua emango duen ala ez.

Tapiak azaldu duenez, tunelen, zubien eta gainerako azpiegituren lanak bukatzear daude. Hori dela eta, normaltzat jo du aurrekontua murriztea. Halere, diru hori AHTarekin zerikusia duten beste proiektu batzuetara bideratu beharko lukete, Tapiaren iritzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena