Ekonomia -
Aurreikuspenak
2019rako % 2,5eko hazkundea aurreikusi du Confebaskek
Gainera, Gizarte Segurantzan 14.000 afiliatu berri (+ % 1,5) izango direla iragarri du patronalak. Horrela, langabezia-tasa % 7,5ean kokatzea espero du, 2008az geroztik baxuena.
eitb.eus
2019an EAEko ekonomiak % 2,5eko hazkundea izatea espero du Confebaskek, 2018an baino lau hamarren gutxiago, alegia. Euskadiko enpresaburuen elkarteak Testuinguru Ekonomikoaren txostena aurkeztu du ostegun honetan.
Gainera, lanpostuak sortu eta langabezia murriztuko direla iragarri du Confebaskek. Zentzu horretan, Gizarte Segurantzan 14.000 afiliatu berri (+ % 1,5) izango direla esan du patronalak. Horrela, langabezia-tasa % 7,5ean (Eustat) kokatzea espero dute enpresaburuek, 2008az geroztik baxuena.
Urte bukaeran, Euskadik krisi aurretik zuen enplegu maila berreskuratzea espero dute: 976.000 pertsona lanean.
Bestalde, aurten Euskadin 90.000 lan-hitzarmen mugagabe sinatuko direla ziurtatu du; orain arteko marka onduko du, beraz. 2007an, adibidez, kopuru hori baino 12.000 kontratu gutxiago sinatu ziren.
Datuek erakusten dute kontratazio mugagabea % 21 hazi dela. Behin-behineko hitzarmenek, berriz, % 3ko hazkundea izan dute. "Inork ez dio garrantzirik emango, baina hortxe dago", esan du Roberto Larrañaga patronaleko presidenteak. Gainera, zehaztu du enpresa pribatuetan langileen % 73k daukala hitzarmen mugagabea.
Gauzak horrela, aurreikusitakoaren arabera, Gizarte Segurantzan 976.000 afiliazio izango ditu 2019ko urte amaieran Euskadik: aurten 18.000 pertsona gehiago afiliatu dira eta datorren urtean beste 14.000 batuko dira. Horrenbestez, 2019 bukaeran 2007ko marka berdintzea lortuko dute.
Horrek esan nahi du langabezia-tasak % 9,2 egingo duela behera aurten, eta % 7,5 datorren urtean (2008az geroztik langabezia-tasa baxuena).
Bestalde, Euskadin soldatak % 2,14 igo direla aipatu du, inflazioa % 1,5ean kokatu bada ere.
Datorren urtean ekonomiak joera horri eutsiko dio. Nolabait esateko, enpresa inbertsioari, eraikuntzari eta industriari esker, hazi egingo da ekonomia.
Confebaskek egindako inkesten arabera, langile gaituak aurkitzea da gaur egun euskal enpresen kezka nagusia.
Horregatik, lana bilatzeko orduan prestakuntza ona izateak duen garrantzia azpimarratu du Larrañagak.