Ekonomia -
Protestak
Biriatuko ordainlekua blokeatu dute berriz ere 'txaleko horiek'
10 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira larunbat honetan berriz ere. 18:00ak aldera kanporatu egin dituzte eta pixkanaka normaltzen hasi da zirkulazioa.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
Europa iparraldera doazen kamioiei muga gainditzea galarazten aritu dira larunbat goizean goizetik 'txaleko horiak' Biriatuko ordainlekuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gainerako ibilgailuak normaltasunez igaro dira mugatik, baina kamioiei egindako blokeo horrek sei, zazpi eta zenbait momentutan hamar kilometrorainoko auto-ilarak eragin ditu.
Arazoak 09:30ak pasata hasi dira. Hasiera kilometro erdiko auto-pilaketak izan dira, baina 11:00ak aldera, lau kilometrorainokoak ziren jada eta auto-ilara luzatzen joan da orduak pasatu ahala.
Zirkulazioan oztopoak eragin dituzte 18:00ak arte. Ordu horretan kanporatu egin ditu poliziak, eta auto-ilarak gutxitzen hasi dira.
Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, baina, litekeena da 22:00etan berriro ere hara agertzea eta bihar ere protestekin jarraitzeko asmoa dute.
'Txaleko horien' protesta, gaur, Biriatun. Argazkia: Euskadi Irratia
Bideoa: 'Txaleko horiek' Baionako errepideak hartu dituzte berriro:
Bestalde, Hiru Euskadiko garraiolari autonomoen sindikatuak Twitter bidez adierazi duenez, 'txaleko horien' aldarrikapenekin bat egiten du, baina manifestariei ohartarazi die "lan egiteko eskubidea ere" badutela kamioilariek, eta "auto-ilara luzeak pairatu behar" izatea deitoratu du.