Ekonomia -
ERREGAIEN PREZIOEN IGOERA
Biriatuko mugan 'neurriak hartzeko' eskatu dio Gipuzkoako Aldundiak Frantziari
"Ekonomian kalterik eragin ez dezan", neurriak hartzeko eskatu dio Frantziako Gobernuari Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gainera, elkartasuna adierazi die errepide horretan dabiltzan gidariei.
EITB.EUS
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak Biriatuko mugan "neurriak hartzeko" eskatu dio Frantziako Gobernuari, "ekonomian kalterik eragin ez dezan". Erregaien prezioen igoera dela eta, piketeak kamioien joan-etorriak oztopatzen ari dira azken egunotan, aldian-aldian muga itxita.
Horrela, Biriatun egunero dauden kamioi-ilara luzeei buruz galdetu diote kazetariek Lasari, Gipuzkoako Aldundiaren azken soziometroa aurkezteko Donostian emandako prentsaurrekoan. Bertan adierazi duenez, "Aldundia kexatu egin daiteke, baina konponbidea ez dago bere esku".
Horregatik, "ekonomiak trabarik izan ez dezan eta kamioiak arazorik gabe ibil daitezen", lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu dio Frantziako Gobernuari. Halaber, Bidegik "bere esku dagoen guztia egin du", eta, Ertzaintzarekin elkarlanean, horrek eragin dituen "oztopoak" arindu nahian dabiltzala gaineratu du.
'Txaleko horien' protestak
'Txaleko horiak' kalera atera dira berriro astelehen honetan, mugako zirkulazioa galarazteko. Mugimenduko kideek mobilizazio ugari egin dituzte asteburuan Frantzia osoan, erregaien prezioen igoeraren kontra.
Goizeko lehen orduan, "txaleko horiek" kamioei muga igarotzea eragotzi diete, eta kamioilariak harrapatuta gelditu dira. 8 kilometrorainoko ilarak sortu dira.