Ekonomia -
ERREGAIEN PREZIOEN KRISIA
7 urte arteko zigorra eskatuko du Fiskaltzak zenbait 'txaleko horirentzat'
Agintarien aurkako indarkeria, onura publikoko ondasunen aurkako kalteak, ekintza bortitzak burutzeko antolatzea eta armak izatea bezalako delituak leporatuko dizkiete.
Agentziak | Erredakzioa
Pariseko fiskalak, Remy Heitzek, 7 urte arteko kartzela zigorra eskatuko ditu "txaleko horien" hirugarren protesta egunean atxilotutako batzuentzat. Zehazki, agintarien aurkako indarkeria, onura publikoko ondasunen aurkako kalteak, ekintza bortitzak burutzeko antolatzea eta armak izatea bezalako delituak leporatuko dizkiete.
"Delitu horiek 3 eta 7 urte arteko zigorrak dituzte", azaldu du Heitzek, eta nabarmendu du epaitegi bakoitzak kasuz kasu aztertuko dituela.
Fiskaltzak baieztatu duenez, 378 atxilotu daude Pariseko polizia-etxeetan larunbateko istiluengatik. "Profil desberdinetakoak" direla azpimarratu du. "Probintzietatik heldutako 30-40 urteko gizon asko daude. Txaleko horien izenean Poliziarekin borrokatzera datoz", baina "delituak egiteko aukera baliatu nahi duten Pariseko gazteak" ere badaude.
Michel Delpuechek, Pariseko Poliziaren buruak, larunbatean 412 atxiloketa izan zirela baieztatu du. "Azken hamarkadetako kopuru altuena da", azaldu du.
Suhiltzaileek informatu dutenez, 249 sute izan ziren hiriburuan; tartean, 112 ibilgailu, 130 eraikin eta sei banku.
Protesta mugimendua bultzatu duten Facebookeko orrietan hurrengo larunbateko deialdiak argitaratu dira dagoeneko. Laugarren protesta larunbata izango da. Abenduaren 8an Bastillako plazatik irtengo da martxa, eta Garaipen Arkuan bukatuko da.
Protesta mugimendua bultzatu duen Facebookeko orrietan hurrengo larunbateko deialdiak argitaratu dira dagoeneko. Laugarren protesta larunbata izango da. Abenduaren 8an Bastillako plazatik irtengo da martxa, eta Garaipen Arkuan bukatuko da.
Maila politikoan, Emmanuel Macron presidenteak Edouard Pihilip lehen ministroari ordezkatuta dauden alderdi guztietako liderrak eta “txaleko horien” ordezkariak biltzeko eskatu dio.
"Hau oso kezkagarria da", esan du Pariseko alkate Anne Hidalgok. "Ezin dira asteetan zehar istilu eta degradazio egoera hauek ikusi", gehitu du, eta indarkeriak kaltetutako saltokientzako diru-laguntzak eskatu ditu.
Istiluen ondorioz erreserben ia erdia galdu dutela salatu dute Frantziako ostalariek
Frantziako ostalaritzak gogor gaitzetsi ditu larunbat honetan izan diren istiluak. Jatetxeek erreserben %20 eta %30 artean galdu omen dute eta hotelek %50, Vincent Sitz Synhorcat ostalaritzaren Frantziako sindikatuaren arduradunak jakitera eman duenez.
"Oso tristea da, oraintxe ari baikinen 2015eko atentatu boladatik errekuperatzen" salatu du, eta turistek Gabonetarako zein urte berrirako eginda dituzten erreserbak bertan behera uzten badituzte "dramatikoa" izango dela iragarri du.