Ekonomia -
ERREGAIEN PREZIOEN KRISIA
Istiluen ondorioz erreserben ia erdia galdu dutela salatu dute Frantziako ostalariek
Larunbatean 'txaleko horiek' Parisen eragindako istiluak hurrengo asteburuan ere errepikatuko diren beldur dira. Turismoa kaltetu dela uste dute. Astelehenean bilera dute Ekonomia ministroarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako ostalaritzak gogor gaitzetsi ditu larunbat honetan izan diren istiluak. Jatetxeek erreserben %20 eta %30 artean galdu omen dute eta hotelek %50, Vincent Sitz Synhorcat ostalaritzaren Frantziako sindikatuaren arduradunak jakitera eman duenez.
"Oso tristea da, oraintxe ari baikinen 2015eko atentatu boladatik errekuperatzen" salatu du, eta turistek Gabonetarako zein urte berrirako eginda dituzten erreserbak bertan behera uzten badituzte "dramatikoa" izango dela iragarri du.
Sindikatuko ordezkaria eta hainbat kide Emmanuel Macron presidentearekin bildu dira goizean Eliseoan. Bihar, berriz, larrialdiko bilera egingo dute Bruno Le Maire Ekonomia ministroarekin.
Merkatari eta ostalariak urgentziazko neurriak eskatzen dituzte, atzoko manifestazioek "Parisen eta Frantzia osoaren irudi abegikorrari kalte" egin diotela uste baitute, eta beldur dira datorren asteburuan ere gauza bera gertatuko ote den. Izan ere, 'txaleko horien' manifestazioa dago deituta berriz ere.
Horren haritik, poliziaren elkarte batek larunbateko mobilizazioa legez kanpo uzteko eskatu du jada.
Emmanuel Macron presidenteak larrialdiko bilera egin du gaur Edouard Phillipe lehen ministroarekin eta Christophe Castaner Barne ministroarekin. Ez dute komunikabideen aurrean agerraldirik egin bileraren ostean, baina ordezkaritza duten alderdi guztiekin bilera-erronda hasi eta neurriak adosten saiatuko direla zabaldu da.