Ekonomia -

ERREGAIEN PREZIOEN IGOERA

Mugako zirkulazioa erabat baldintzatu dute 'txaleko horiek' larunbat honetan

Biriatuko ordainlekua blokeatuta izan dute goizetik 17:30era arte eta auto-ilara luzeak sortu dira. Burgos eta Nafarroan ere eragina izan du. 'Txaleko horiek' protesta errepikatzeko asmoa dute.

'Txaleko horiak' Biriatuko ordainlekua blokeatzen. Argazkia: ETB
'Txaleko horiak' Biriatuko ordainlekua blokeatzen. Argazkia: ETB
'Txaleko horiak' Biriatuko ordainlekua blokeatzen. Argazkia: ETB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugako zirkulazioa erabat baldintzatu dute 'txaleko horiek' larunbat honetan. Frantziako Estatuan beste protesta jardunaldi bat egin dute gaur mugimenduko kideek, erregaien prezioen igoeraren kontra.

Aurreko bi asteburuetan bezala, gaur ere errepidera irten dira ehunka lagun Iparraldean. Biarritzeko ordainlekuan dozenaka lagun bildu dira, eta beste hainbeste Biriatuko ordainlekuan.

Pankartak ordainlekuan kokatu eta itxita geratu da Baionarako noranzkoan. Auto-ilara luzeak sortu dira eta hegoalderako noranzkoan ere trafiko arazoak sortu dira.

Gauzak horrela, arratsaldeko lehen orduan DGTk EAEra ez sartzeko gomendatu die kamioi-gidariei, eta Nafarroako Foruzaingoak kamioien zirkulazioa eten du Arren, mugako kaosa zela eta.

17:30 aldera ireki dute berriz Biriatouko muga.

Protestan ari ziren 'txaleko horiek' ETBko kazetariei egin dizkieten adierazpenen arabera, mobilizazioekin jarraituko dute Gobernuak erregaien prezioa igotzeko asmoa bertan behera utzi arte, eta euren asmoa Biriatuko ordainlekua astebururo blokeatzea da ordura arte.

BIARRITZ TXALEKO HORIAK. ARGAZKIA: ETB

'Txaleko horiak' Biarritzen. Argazkia: ETB

'Txaleko horiak' Biriatun. Argazkia: ETB

Parisen istiluak izan dira manifestari eta poliziaren artean

Paris erdigunera ere eraman dute protesta 'txaleko horiek', eta aurreko larunbatean gertatutakoaren bidetik, istiluak izan dira manifestari batzuen eta poliziaren artean.  Albiste agentziek zabaldu dutenez, gutxienez 224 pertsona atxilotu dituzte Eliseo Zelaien inguruetan.

Edouard Philippe lehen ministroak jakitera eman duenez, 5.500 manifestari kontatu dituzte Parisen eta beste 36.000 pertsona Frantziako Estatu osoan.

106.000 manifestari bildu ziren Parisko Concorde plazan aurreko larunbatean, eta 300.000 lagun inguru mobilizatu ziren protesten lehen asteburuan, azaroaren 17-18an.

Protestaren arrazoiak

"Txaleko horiak" izenez ezagutzen den mugimendua sare sozialen bidez sortu zen, alderdi zein sindikatuetatik at, baina indar handia lortu du.

Emmanuel Macronen Gobernuak erregaien zergak igotzea erabaki du "trantsizio energetikoa" bultzatzeko. Energia kutsatzaileen erabilera "oztopatu" nahi du horrela, eta aldaketa klimatikoari aurre egin. Horretarako, diesela 7,6 zentimo igotzea erabaki du eta gasolina 3,9 zentimo. Urtarriletik aurrera, gainera, 6 eta 3 zentimoko tasa gehigarria aplikatuko dute, gainera, hurrenez hurren, bi erregai mota horietan.

Herritarren gehiengoa igoera horien kontra dagoela esan dute 'txaleko horiek' eta herritarren babes osoa dutela. Gaur egun 1,48 eurotan dago, batez beste, erregaiaren prezioa Frantzian.

Protestak protesta, baina, Macronek, momentuz, erregaien zerga ekologikoa ezartzeko erabakia mantenduko duela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Paris Frantzia albisteak Baionako bideoak Ekonomia Manifestazioak Macron azken ordukoa