Ekonomia -

PROTESTAK ERREGAIEN TASENGATIK

'Txaleko horiek' manifestazioa deitu dute larunbaterako Parisen

Asteburuko protesta jendetsuek jarraipena izango dute. Orain arte, pertsona bat hil eta 409 zauritu dira, horietako 14 larri. Halaber, 282 pertsona atxilotu dituzte.

'Txaleko horien' protesta Baionan. Argazkia: Euskadi Irratia
'Txaleko horien' protesta Baionan
'Txaleko horien' protesta Baionan. Argazkia: Euskadi Irratia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbataz geroztik, mobilizazio jendetsuak egiten ari dira Frantzia osoan, Emmanuel Macron presidenteak erregaien prezioa igotzeko duen asmoaren kontra protesta egiteko. Gaur, astelehena, berriro irten dira errepideetara, eta mobilizazioei eusteko asmoa agertu dute. Halaber, manifestazioa deitu dute larunbaterako Parisen.

"Txaleko horiak" izenez ezagutzen den mugimendua sare sozialen bidez sortu zen, alderdi zein sindikatuetatik at, baina indar handia lortu du. Asteburuko protestetan, pertsona bat hil da, auto batek harrapatuta, eta 409 zauritu ziren, horietako 14 larri. Halaber, 282 pertsona atxilotu zituzten.

Chantal Lapuerta "txaleko horiak" mugimenduko bozeramaileetako batek Le Figaro egunkariari baieztatu dionez, manifestari asko Parisera joango dira larunbatean. Gobernuak beren eskariei entzungor egin diela uste dute manifestariek eta, ondorioz, mobilizazioek ez dute etenik izango. Horrez gain, Macronekin bilera egitea eskatu dute.

Larunbateko manifestazioari begira, 143.000 erabiltzailek ekitaldiarekiko interesa agertu dute Facebooken. Hitzordua Parisko Concorde plazan izango da, 08:00etatik 11:00etara, eta handik Eliseora abiatuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea berriak Paris Frantzia Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Albisteak Manifestazioak