Ekonomia -
Hipoteken Legea
Bankuek hipoteken notario gastuak ordainduko dituzte, eta bezeroek tasazioa
Gainera, notarioek, batere kosturik gabe, galdetegi bat egingo diete mailegu-hartzaileei, hipoteka kontratuaren klausula guztiak ulertzen dituztela ziurtatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Hipoteken sinadurarekin lotutako notario gastuak bankuek ordaintzea eta tasazioa bezeroek pagatzea aurreikusiko du Hipoteken Lege berriak, alderdi politikoen gehiengoak gaur adostu dutenez.
Gainera, notarioek, batere kosturik gabe, galdetegi bat egingo diote mailegu-hartzaileari, hipoteka kontratuaren klausula guztiak ulertzen dituela ziurtatzeko.
Hipoteken Legea egiteko Kongresuko Ekonomia Batzordea berriz bildu da gaur, Espainiako Gobernuak egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga bankuek ordain dezaten lege dekretua onartu ondoren.
Erabakia jaso du Hipoteken Lege berriak, eta bankuak notario-eskrituren aurreneko kopia ordainduko duela argi utzi du. Bezeroak, aldiz, eskatzen dituen kopiak ordaindu beharko ditu. Bitartean, erregistro gastuak ere bankuaren ardura izango dira, eta tasazio gastuak mailegu-hartzaileak ordainduko ditu; izan ere, aske aukeratu ahal izango ditu.
Nolanahi dela, badira adostu beharreko gai garrantzitsu gehiago ere: besteak beste, amortizazio aurreratuen komisioak, berandutze-interesak eta hipoteken epemuga aurreratuen klausula.
Bestalde, alderdi politikoek ere erabaki beharko dute arau hori indarrean noiz jarri. Izan ere, finantza-sektoreak sei hilabeteko epea eskatzen du horretarako; lege proiektuak, berriz, 15 egunekoa.
Hipoteka Legearen helburua da kontsumitzaileari babes gehiago ematea, eta hipotekak sinatzeko orduan gardentasuna sustatzea. Horregatik, tasatzaileak independenteak eta pertsona fisikoak zein juridikoak izatea hitzartu dute alderdi politikoek.