Ekonomia -
Auzitegi Gorena
Hipoteken zergen epaia aldatzeko bankuen deirik ez zuela jaso esan du Lesmesek
Auzitegi Goreneko Zigor-arloko Salako presidenteak barkamena eskatu die herritarrei gai honen inguruan aurkeztutako kudeaketa txarragatik.
Agentziak | Erredakzioa
Carlos Lemes Auzitegi Goreneko Zigor-arloko Salako presidenteak ukatu egin du gaur (osteguna), hipoteken zergen harira emandako epaia aldatzeko bankuen deia jaso izana, hipoteka bat sinatzean ordaindu beharreko zergak bezeroek barik bankuek ordaindu behar dituztela ebatzi baitzuen joan den astean Gorenak.
Bestalde, gai horren inguruan egindako kudeaketa "eskasa" onartu du Lesmesek; gainera, Gorenari kudeaketa horrek kalte handia egin diola aitortu du, "206 urte lanean daraman" erakundearengan merezi ez duen mesfidantza handia eragin baitu.
Lesmesek hainbat bilera izan zituen Luis Diez Picazo hirugarren salako presidentearekin epaiak sortutako zalantzak arintzeko, eta horren harira, epaiaren nondik norakoak argitzeko nota informatiboa argitaratzea gomendatu ziola azaldu du; esaterako, atzeraeraginaren inguruko azalpenak eta zergaren ordainketa nori egokituko zitzaion argitzeko, baina epaileak gomendioa ukatu zuela esan du.
Bestalde, Diez Picazoren dimisioa eskatzea inolaz ere ez zuela pentsatu esan du Lesmesek, "lan goresgarria" egin duen epaile "ona" baita.
Espainiako Auzitegi Gorenak azaroaren 5ean argituko du hipoteken gaineko zerga nork ordaindu behar duen.
Joan den ostegunean, zerga hori bezeroek barik bankuek ordaindu behar dutela ebatzi zuen, baina biharamunean, ezustean, epaia berriro aztertuko zuela iragarri zuen.