Ekonomia -

Doktrina aldaketa

Gorenak airean utzi du nork ordaindu behar duen hipoteken zerga

Zerga hori bankuek ordaindu behar dutela ebatzi eta egun batera, Gorenak atzera egin du, erabakiak izango duen kostu ekonomikoa ikusita.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Hipoteken zerga bankuei inposatzen dien epaia berriz aztertuko du Gorenak

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hipoteka bat sinatzean ordaindu beharreko zergak bezeroek barik bankuek ordaindu behar dituztela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak ostegunean. Hala ere, irizpidea aplikatzen jarraitu ala ez berriro aztertuko du orain. Ondorioz, aurkeztutako helegite guztiak geldiaraztea adostu du.

Luis Maria Diez-Picazo Goreneko hirugarren aretoaren presidenteak agiri batean azaldu duenez, jurisprudentzia “aldaketa erradikala” eta sententziaren “eragin ekonomiko eta sozial ikaragarria” kontuan hartuta epaia berriz atertzea erabaki dute.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, helegiteak geldiarazteak ez du arestiko doktrina bertan behera geratzen denik esan nahi. Horrela, irizpideak indarrean jarraituko du, 31 epailek osatutako organoa bildu arte.

Datozen egunetan biltzea espero da. Kasazio-errekurtsoen etorkizuna batzar horren emaitzaren menpe dago.

Arestiko epaian, hipoteka bat sinatzean ordaindu beharreko zergak bezeroek barik bankuek ordaindu behar dituztela ebatzi zuten Administrazioarekiko Auzien aretoko magistratuek.

Horrela, aurreko jurisprudentzia aldatu zuen Gorenak; izan ere, ordura arte bezeroak edo kontsumitzaileak zerga ordaindu behar zuen. 150.000 euroko hipoteka batek batezbeste 1.500 euroko zerga zuen.

Hala ere, aretoak ez zuen aho batez doktrina aldaketa onartu, Dimitry Berberoff magistratuak boto partikularra eman zuelako.

Sententziak atzeraeraginez aplikatuko ote den ez dakite oraindik, errege-dekretua 1995ean sartu baitzen indarrean. Ondorioz, hipoteka arau berriek bankuetan eragin handia izan ditzakete; izan ere, 2014ko uztailetik 2018ko uztailera soilik 1,5 milioi hipoteka mailegutan parte hartu zuten banketxeek.

Operazioen zenbatekoa 190.000 milioi bat eurokoa izango zen. Zerga maileguaren % 0,5 eta % 1,5 artekoa da, eta bankuek 1.900 milioi inguru itzuli beharko lituzkete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Hipotekak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza albisteak Gastu publikoa