Ekonomia -
erreforma
Argindar tarifa berriarekin 50 milioi aurreztuko dituzte enpresek, Tapiaren hitzetan
Dena dela, sailburuak ohartarazi du euskal enpresek EBkoek baino 'askoz gehiago' ordaintzen dutela.
Agentzia | Erredakzioa
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak nabarmendu duenez, bidesari elektrikoen erreformari esker euskal enpresak "lehiakorragoak" izango dira, baina oraindik ere Europar Batasuneko gainerako konpainiek baino "askoz gehiago" ordainduko dute argindarrarengatik.
2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan argindar tarifak erreformatzeko akordioa lortu zuten PPk eta EAJk; orain sartu da indarrean. Erreforma horri esker, 50 milioi euro aurreztuko dute euskal enpresek, Tapiak nabarmendu duenez. BECen "Oil & Gas Conference" izeneko jardunaldietan egin ditu adierazpenok sailburuak.
Tapiaren hitzetan, "Jaurlaritzak urteak eman ditu erreforma horren alde borrokan. Gaur esan dezakegu 'azkenean' diskriminazioa gainditu dela".
Sailburuak nabarmendu du aurrerantzean euskal industriak "ordaindu beharko dituen bidesari elektrikoak eta ingurukoek ordainduko dituztenak berdinak" izango direla, eta horri esker, "lehiakorragoak" izango direla.
Nolanahi ere, ohartarazi du euskal enpresak "Europakoek baino askozaz gehiago ordaintzen" ari direla, "batez ere intentsiboek". Horren ildoan, azaldu du Jaurlaritza eredu energetiko ezberdina ezartzearen aldekoa dela.
"Bada garaia horri heltzeko, dieselaz bakarrik hitz egiteari utzi, eta etorkizunerako garrantzitsuak diren jarduerei buruz ere hitz egin behar dugu. Gure industriaren lehiakortasuna dago jokoan", adierazi du.
Tapiaren ustez, argindarraren tarifikazio sistema da aldatu behar dena. "Gaur egun, tarifan ordaintzen dugun % 50 baino gehiago zergak dira. Konpara dezagun zer egiten duten Alemanian, Frantzian edo Italian. Zerga horiek tarifan baino, beste leku batean sartzen dituzte, aurrekontuetan. Horixe egin behar dugu guk ere", azaldu du.