Ekonomia -
Fagor Etxetresnak
Kaltedunen salaketa atzera bota zuen epaiari helegitea aurkeztuko dio Ordainduk
Mondragon Korporazioaren aurkako salaketa atzera bota zuen epaiari apelazio-errekurtsoa aurkeztea erabaki du kaltedunen plataformak batzarrean.
Agentziak | Erredakzioa
Bergarako 1. Epaitegiak arrazoia eman zion Mondragon Korporaziori, baina Ordaindu plataformak epaiari helegitea aurkeztuko dio. Fagor eta Edesako 900 bat kooperatibista ohik salaketa aurkeztu zuten, euren aurrezkiak berreskuratzeko asmoz, baina Bergarako epaitegiak atzera bota zuen.
Mondragon Korporazioaren aurkako salaketa atzera bota zuen epaiari apelazio-errekurtsoa aurkeztea erabaki du Fagor Etxetresnakeko kaltedunen plataformak batzarrean, ostiral honetan, Ordainduk agiri batean jakitera eman duenez. “Langile ohiak aurrezkiak, 47 milioi euro, porrot egindako enpresan mantentzeko engainatu izanagatik, talde kooperatiboari erantzukizuna eskatu” zioten demandan.
Salaketa atzera bota zuen Bergarako epaitegiak iragan uztailean, ekintza epetik kanpo planteatu zutela iritzita.
Gipuzkoako Lurralde-auzitegiak orain “sententzia atzera botatzea” espero du Ordainduk, “ekintza preskribatuta zegoela baztertuz, ondoren mamia aztertzeko”.
Plataformaren hitzetan, “ohi ez bezalako” erabaki judiziala izan zen, “ulertezina mota honetako auzi batean”; izan ere, “ia mila pertsonako kolektibo baten eskaera legitimoa atzeko atetik errefusatu du”.
Bestalde, Eskuratuk batzarra irailaren 11n egingo du. Plataforma Edesako 300 bat langile ohik osatzen dute. Ordainduk aurkeztuko duen helegitearekin bat egin ala ez bozkatuko dute plataformako kideek.