Ekonomia -
Atzeraeraginez
Erretirodunek gaur jasoko dituzte pentsioen igoeraren atzerapenak
Gizarte Segurantzak 1.121 milioi euro ordainduko ditu atzerapenetan, eta pentsiodunek batez beste 101,24 euro jasoko dituzte.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Gizarte Segurantzak ostiral honetan ordainduko dizkie pentsioen igoeraren atzerapenak ia 9,5 milioi erretirodunei, urtarrilaren 1etik atzeraeraginez. Guztira, 1.121 milioi euro ordainduko ditu atzerapenetan.
Urte hasieran % 0,25eko igoera ordaindu zitzaien pentsiodunei, baina gero Estatuko Aurrekontu Orokorretan pentsio guztiak % 1,6 igotzea eta gutxieneko pentsioak, zahartzaro eta baliaezintasuneko nahitaezko sorospenak (SOVI) eta kotizazio gabekoak % 3 handitzea adostu zuten alderdiek. Estatuko Aurrekontu Orokorrak hilabete honetan sartu dira indarrean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioak jakinarazi duenez, ostiral honetan ordainduko dira atzerapenak, ordainketa bakarrean. Atzerapen horiek urteko lehen sei hilabeteei eta uztaileko aparteko ordainsariari dagokie.
Atzerapenak uztaileko ohiko ordainketak baino lehen pagatuko dira.
Erretirodunek batez beste 101,24 euro jasoko dituzte, 117,1 euro erretiro pentsioen kasuan eta 70,33 euro alarguntasun pentsioen kasuan.
Abuztuko nominatik aurrera eguneratuko dira pentsioak. Horrenbestez, batez besteko pentsioa 956,13 eurokoa izango da, eta erretiroari dagokiona, ostera, 1.101,73 eurokoa.