Ekonomia -
Lan Eskaintza Publikoa
LABek Fiskaltzara joko du Osakidetzako azterketen ustezko irregulartasunengatik
Sindikatuaren ustez, aurretik ere gertatu da horrelakorik, "EAEko Administrazio Publikoaren sektore guztietan gertatzen delako".
agentziak | erredakzioa
LABek ostiral honetan jakitera eman duenez, "egoeraren larritasuna kontuan hartuta", datorren astean Fiskaltzara joko dute sindikatuak duen informazio guztia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren esku ipintzeko eta Osakidetzako azterketen ustezko irregulartasunak argitzeko ikerketa abiatzea eskatzeko.
Gorka Berasategi LABeko zerbitzu publikoen sektoreko ordezkariaren hitzetan, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren azterketetan gertatutakoa ez da behin soilik gertatu: "Medikuntza espezializatuko kategoria gehienetan zabalduta dagoen bezeroen mesederako sistema bati buruz ariko ginateke, LEP honetan, zein aurrekoetan ere. Azken finean, inpunitate osoz funtzionatu duen sistema da eta jende askoren inplikazio aktibo edo pasiboa behar izan du. Panorama honen aurrean, zaila da pentsatzea Osakidetzan zein Osasun Sailean inork ez zekiela zer gertatzen ari zen".
Berasategiren ustez, gainera, sistema hori ez da bakarrik Osakidetzara mugatzen, "EAEko Administrazio Publikoaren sektore guztietan gertatzen delako".
Ikerketa "independentea" egiten duten bitartean, oraindik egin gabe dauden gainerako azterketak bertan behera uzteko eskatuko dutela gaineratu du Berasategik.
Halaber, erantzukizun politikoak eskatu ditu sindikatuak, hasiera batean Osakidetzako "arduradunek salaketa guztiak ukatu baitzituzten, ondoren begien bistakoa zegoena onartzeko". Hori dela eta, "Darpon sailburuari kargua lehendakariaren esku uzteko" eskatu diote.
Bestalde, ESK sindikatuak orain arte bildutako informazio guztia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari emango diola esan du, Auzitegiak LEPren inguruko irregulartasun guztiak azter ditzan.