Ekonomia -

Abiadura handiko trena

AHTren Donostiako geltokia eraikitzeko lanak 2019 bukaeran hasiko dituzte

Arantxa Tapia sailburuak ez du argitu lanak noiz amaituk diren, baina 2023a baino lehen izango dela esan du.

Horrelakoa izango da AHTaren Donostiako geltokia

1:00

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura handiko trenaren Donostiako geltokia 2019. urte amaieran hasiko dira eraikitzen. Lanak Eitipsa Cinsa-Jon Montero aldi baterako enpresa elkarteak gauzatuko ditu eta aurrekontua 861.000 eurokoa izango da.

Donostiakoa izango da hiru euskal hiriburuetatik lehendabizi eraikiko duten geltokia. Bilboko geltokiaren xehetasunak martxoaren 8an aurkeztu zituzten eta gaur Donostiako proiektua ezagutarazi dute.

Iñigo de la Serna Sustapen ministroak eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak agerraldia egin dute, egitasmoaren xehetasunen berri emateko.

De la Sernak adierazi duenez, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza "ahalegin handia" egiten ari dira 'Euskal Y'a eraikitzeko eta egitasmo horretan, orotara, 6.300 milioi euro inguru gastatuko dituzte.

Tapiak esan du geltokia egingo duen enpresa elkarteak hamar hilabeteko epea duela obra gauzatzeko eta erantsi du lanak datorren urtearen amaieran hasiko direla espero duela.

Geltokia noizko egongo den amaituta, ostera, ez du argitu, baina adierazi du 2023a baino lehenago bukatuta egongo dela, Bilboko geltokia baino sinpleagoa izango delako.

Terminal berria egungo geltokia dagoen tokian eraikiko dute, Tabakaleraren ondoan eta autobus geltokiari lotuta egongo da. Trenbidearen gainean, Tabakalera parean, 5.788 plaza bat egingo dute.

Eneko Goia Donostiako alkatea pozik agertu da egitasmoarekin, "ingurunearekin, forman, erabileran eta estetikan bat egingo duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Eusko Jaurlaritza Gizartea Ekonomia Albisteak Abiadura Handiko Trena