Ekonomia -
Euripean
Milaka pentsiodunek elkarretaratzeak egin dituzte hamargarren astelehenez jarraian
Andrea Uña Bizkaiko Pentsiodunen Plataformako kidearen hitzetan, Rajoy presidentearen adierazpenek “kalera ateratzeko” indar handiagoa ematen diete.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka pentsiodunek elkarretaratzeak egin dituzte hamargarren astelehenez jarraian, Bilboko udaletxearen aurrean, pentsio “duinak” eskatzeko.
Ohikoa den bezala, baina gaur euripean, mobilizazioa eguerdiko 12:00ak aldera hasi eta ordu erdi geroago bukatu da.
Protestetan parte hartu ohi duten manifestari kopuruarekin pozik agertu da Andrea Uña Bizkaiko Pentsiodunen Plataformako kidea. Uñaren ahotan, Rajoy presidentearen adierazpenek “kalera ateratzeko” indar handiagoa ematen diete. “Gaude, egongo gara eta eutsiko diogu, borroka hau irabaziko dugulako”, erantsi du.
Iragan larunbateko manifestazioari buruz, “erabateko arrakasta” izan zela adierazi du Uñak. “Jende ugari etorri behar zela pentsatzen genuen, baina ez hainbeste. Hemendik atera (udaletxetik) eta Jesusen Bihotzeraino bi kilometro daude, eta ez genuen aurrera egiten. Manifestua irakurtzeari utzi genionean, arratsaldeko 8:00ak ziren eta jendeak igotzen jarraitzen zuen”, zoriondu da.
Protestan zehar, pentsio “duin” batzuen aldeko oihuak entzun dira, baita “lapurrak, erakundeetatik kanpora” bezalako leloak ere.