Ekonomia -
Eustaten datuak
Langabezia-tasa 11,1ekoa da EAEn 2017ko amaieran, % 1,5 egin du behera 2016tik
Euskal Estatistika Erakundeak zabaldutako datuen arabera, 12.300 landun gehiago daude 2017an; kopuru hori % 1,4 hazi da iaz.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadin, 2017ko laugarren hiruhilekoan, 113.800 lagun izan dira langabezian, batez beste; hau da, urtebete lehenago baino 16.300 gutxiago. Langabezia-tasa, hortaz, % 11,1era jaitsi da; horrek esan nahi du % 1,5 egin duela behera, 2016ko amaierako datuekin alderatuta.
Euskal Estatistika Erakundeak iazko laugarren hiruhilekoari dagokion Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkesta argitaratu du; bertan adierazten dutenez, 2017an 12.300 landun gehiago zenbatu dituzte, hau da, 2016an baino % 1,4 gehiago.
2016tik 2017rako izandako landunen gorakada nabarmenagoa izan da emakumezkoen artean (6.500 gehiago), gizonezkoen artean baino (5.700 gehiago).
Langabezia-tasak gorabeherak izan ditu 2017an; izan ere, lehen hiruhilekoan % 11,4an kokatu zen; bigarrenean, % 11ra egin zuen behera; hirugarrenean, berriro egin zuen gora, % 11,5era; eta laugarren eta azkenean, aldiz, beste beherakada bat izan du: % 11,1erainokoa.
Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, langabezia-tasa % 10,3koa izango da 2018ko azken hiruhilekoan.
Langabezia, Estatuan baino % 5,6 puntu beherago
Egungo % 11,1eko tasa Europar Batasunarena gainditzen du, 3,8 puntutan (% 7,3koa da hori), baina espainiar Estatuarena baino 5,6 puntu baxuagoa da (% 16,7ko tasa dago Estatuan).
Lurraldeka, Gipuzkoan eta Araban 2.500 langabe gutxiago daude. Gipuzkoak du langabezia tasa txikiena, % 8,4, aurreko hiruhilekoan baino %0,7 puntu gutxiago; Arabak %10,8ko langabezia tasa du, eta 16.600 langabe daude bertan (-% 1,3 puntu); eta Bizkaian, 200 langabe gutxiago daude, aurreko hiruhilekoaren aldean. Langabezia tasak lehengoan dirau azken lurralde horretan, hau da, % 12,8an dago.
Bestalde, okupazio-tasa, hau da, 16 eta 64 urte bitarteko biztanle kopuruaren gainean landunen portzentajea, % 66,7koa da, aurreko hiruhilekoan baino %0,2 puntu altuagoa. Gizonezkoentzat % 69,8ko tasa dago, eta emakumezkoentzat, aldiz, % 63,6koa. Okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak du (% 68,6), baina hamarren bat gutxiago du lurralde horrek aurreko hiruhilekoaren aldean; Araba dator jarraian (% 66,9), % 0,3 puntu jaitsita, eta Bizkaia azkenik (% 65,5), % 0,6 puntu gehituta.