Ekonomia -

LAN PUBLIKOA

Azken lan eskaintzan ateratako nota hurrengo deialdirako gordeko du Osakidetzak

Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek adostutakoaren arabera, Osakidetzaren 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoan lortutako nota hurrengo deialdian mantendu edo hobetu ahal izango dute hautagaiek.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoan lortutako nota hurrengo deialdian mantendu edo hobetu ahal izango da. Hala adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek, Osakidetzako lan-baldintzak hobetzeko iaz izenpetutako akordioaren baitan.

SATSE Euskadik jakitera eman duenez, arkodioari esker, hautagaiek azken azterketetan eskuratutako nota gorde eta ondorengo lan eskaintza publikoko deialdian hobetzeko aukera izan dezatela adostu dute Mahai Sektorialean.

"Azterketan % 50 edo gehiago eskuratzen dutenek, nota gordetzeko edo 2018-2019ko deialdiaren hautaprobetan hobetzeko aukera izango dute. Nota hobetzeko baldintza bakarra prozesu biak gainditzea da", adierazi du SATSE Euskadik.

Ohar bidez sindikatuak gogorarazi du nota hobetu nahi ez dutenek ere 2018-2019ko deialdian izena eman eta tasak ordaindu beharko dituztela, prozesuan parte hartu nahi badute.

Bestalde, plazak esleitzeko irizpideen inguruko akordioa ere adostu dute bi aldeek. Prozesuen gardentasuna bermatzeko, "esleipenak berdintasun, meritu eta gaitasunean oinarritutako irizpideak" adostuko dira sindikatuekin.

"Orain arte, erabakitzeko ezintasunak eta ESI desberdinen zuzendaritzen inposaketek ondoeza, haserrea eta ziurgabetasuna besterik ez dute sortu. Izan ere, langileek ezin zuten jakin zeintzuk izango ziren plazak esleitzeko irizpideak", esan du SATSE Euskadik

Osakidetzak esandakoaren arabera,  hurrengo  deialdia "berehalakoa" izango da, eta urtarrilaren amaierarako edo otsailaren hasierarako aurreikusita dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Lana Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea