Ekonomia -

Kontratua

CAFek 30 unitate egingo ditu Manilako metroarentzat

Horrez gain, Napoliko metrorako 10 unitate egiteko kontratua ere lortu du Gipuzkoako enpresak.

Egingo dituzte unitateen diseinu bat. Argazkia: CAF
Manilako metroaren unitate baten diseinua. Argazkia: CAF
Egingo dituzte unitateen diseinu bat. Argazkia: CAF

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CAF (Construcción y Auxiliar de Ferrocarriles, gazteleraz) Gipuzkoako enpresak eta Mitsubishi Corporation multinazionalak kontratua lortu dute Manilako metroaren 1 linearako 30 unitate egiteko, 225 milioi euroren truke.

Filipinetako hiriburua da Manila, biztanle-dentsitate handiena duen munduko hirietako bat. Linearen edukiera hobetzea da proiektuaren helburua, baita bidaiari kopuruaren hazkundeari aurrea hartzea, zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta hiriko kutsadura mailak gutxitzen laguntzea ere. 30 unitateak 2020-2022 urteen artean bukatuko ditu CAFek.

1 linea lurgainekoa da, 20 kilometro luze ditu eta hiria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du. Gaur egun 12 kilometro ari dira luzatzen, Cavite eskualderaino.

Bi noranzkoetako unitateak izango dira, katenaria bidezko elikadurarekin (750V dc). Albo bakoitzeko 16 ate izango dituzte eta, haiei esker, bidaiariak trenera modu erosoagoan sartu eta atera ahal izango dira. Unitateak 70 km/h-ko diseinu-abiadurarekin zirkulatzeko prestatuta daude. Guztira, 106 metro inguruko luzera dute, eta 276 eserlekuko banaketa bermatzen du horrek.

Elkarlanean aritu dira CAF eta Mitsubishi Corporation kontratua lortzeko. Harreman horri esker, beste kontratu batzuk ere lortu dituzte, hala nola, Istanbuleko metrorako (Turkia) unitateak edota Camberrako (Australia) tranbiak egitea.

CAFek Filipinetan lortzen duen lehen kontratua da honakoa, eta 2017ko bigarren seihilekoan "eskarien bolumen handia lortzeko enpresak zuen aurreikuspena" betetzen lagundu du.

Beste kontratu bat Italian

Bestalde, Napoliko Udalarekin beste kontratu bat sinatu du CAFek. Horren arabera, hiriko metroaren 10 unitate egingo ditu 2019rako. 90 milioi euroko kontratua iazko ekainean sinatu zuen enpresak behin-behinean, eta orain baieztatu diote. Akordioak, gainera, beste 10 tren hornitzeko aukera jasotzen du.

CAFek presentzia handia du Italian. Besteak beste, honakoak ekoitzi ditu Beasaingo konpainiak: Erromako metrorako unitateak, Barirako eta Friuli Venezia Giuliako iparraldeko eskualderako aldirietako trenak eta Sardiniako eskualdeko lineetarako diesel-trenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gipuzkoako albisteak EAE albisteak Lana albisteak CAF albisteak Ekonomia Beasain albisteak Gaurko azken orduko albistea Garraio publikoa gaur Filipinak gaur Industriaren azken ordukoak