Ekonomia -
2018ko aurrekontuak
Euskara ikasteko diru-laguntzak % 44 areagotu nahi ditu Kultura Sailak
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak “pauso sendoa” eman nahi du, legealdi honetan B2 mailara arte euskara ikastea doakoa izatea lortzeko helburuarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Datorren urtean euskaltegietan euskara ikasteko diru-laguntzak % 44 areagotzeko asmoa du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Bingen Zupiriak zuzendutako Sailak “pauso sendoa” eman nahi du, legealdi honetan B2 mailara arte euskara ikastea doakoa izatea lortzeko helburuarekin.
Eusko Legebiltzarraren batzordean agerraldia egin du gaur Zupiriak, 2018ko aurrekontu-sail nagusien berri emateko. Kultura Sailak 250 milioi euroko aurrekontua izango du, 2017an baino % 3 gehiago.
Aurrekontu zatirik handiena EiTBren finantziazioak eramango du, 130,9 milioi euro, hain zuzen ere, 2017an baino % 3,8 gehiago; ondoren hizkuntza politikan 54,5 milioi inbertituko ditu Jaurlaritzak, aurten baino % 4,2 gehiago.
Ertzaintzaren 470 ibilgailu berritzeko 11 milioi xahutuko ditu Segurtasun Sailak
Bestalde, Segurtasun Sailak 11 milioi baino gehiago gastatuko ditu datorren urtean Ertzaintzaren 470 ibilgailu berritzeko. Horrela, 2017an zehar egindako ahaleginarekin batera, flota ia guztia berrituko dute.
Aurrekontu egitasmoaren berri eman du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Sailak 640 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino % 2,3 gehiago.
Aurrekontuaren % 95 Ertzaintzaren programak eramango du, 608 milioi euro, hain zuzen ere; horietatik 489 milioi soldatak ordaintzeko erabiliko dituzte, eta 113 milioi funtzionamenduan.
Etxebizitza klandestinoak kontrolatzeko 10 pertsonako lantaldea osatuko du Turismo Sailak
Datorren urtean 400.000 euro bideratuko ditu Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, aldi baterako lantalde bat sortzeko. Udalekin elkarlanean, turismorako erabiltzen diren etxebizitza klandestinoak kontrolatu eta ikuskatuko ditu 10 pertsonako lantaldeak.
Alfredo Retortillok zuzendutako Sailak, guztira, 38,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2018an, aurten baino % 5,9 gehiago.
Sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarreko batzordean, aurrekontu-sail nagusien berri emateko. Turismoak 15,2 milioi eramango ditu; Merkataritzak 14,6 milioi eta Kontsumoak 6,6 milioi.
209,9 milioi euro, Lan eta Justizia Sailak 2018an
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak 209,9 milioi euro aurreikusten ditu Lan eta Justizia Sailerako. Erdia baino gehiago (% 57,7) funtzionarioen % 1,5eko soldata igoera, Itzarriren ekarpenak eta 2.900 pertsonaren antzinatasun eskubideak ordaintzera bideratuko ditu Exekutiboak.
Maria Jesus San Jose sailburuak azaldu duenez, Lan eta Justizia Sailak 209,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2018an, aurten (209,1 milioi euro) baino % 0,4 gehiago.