Ekonomia -
Turismoa
PPk 'turismofobia'ren aurkako adierazpen bat onartu nahi du erakundeetan
Euskal erakundeek sektore turistikoaren aldeko jarrera "sendoa eta lasaia" hartzea nahi du PPk.
agentziak | erredakzioa
EAEko PPk adierazpen bat aurkeztuko du euskal erakundeetan sektore turistikoaren aldeko jarrera “sendoa eta lasaia” har dezaten.
Amaya Fernandez PPren EAEko idazkari nagusiak aurkeztu du adierazpena agerraldi publiko batean, eta esan du "turismofobiaren gorakadari" aurre egiteko dela, "erantzun sendoa, lasaia eta proportzionala" emateko.
"Ezin da albo batera begiratu, eta beharrezkoa da erakundeek argi hitz egitea, ezker abertzaleari mezu argia helarazteko: amaitu da Euskadiren interesen aurkako jolasa", azaldu du.
Lau puntu ditu adierazpenak: lehenengoan, babesa helarazten die sektorearekin lotutako langile, enpresario eta autonomoei, EAEn 75.000 inguru direlako.
Bigarrenean, gaitzetsi egin ditu interes turistikoen aurkako ekintza biolentoak eta Ernaik beste eredu turistiko baten alde deitutako manifestazioak.
Hirugarren puntuak protestei aurre egiteko neurri zehatzak hartzea proposatzen du, PPren ustez "Euskadi markari kalte" egiten dielako: "Berreskuratu egin behar dugu turista potentzialei egindako kaltea. 75.000 familiaren ogia dago jokoan".
Laugarren eta azken puntuak egungo turismo eredua, kalitatean eta iraunkortasunean oinarritua, egonkortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa agertzen du.