Ekonomia -

Gipuzkoa

Kamioientzako bidesariaren lehen arkua jarri dute Irunen

Irunetik Lapurdirako noranzkoan, 22:00etatik 09:00etara eten dute trafikoa, eta Biriatutik Irunera joateko errepidea, 00:00etatik 04:00ak arte.

Arkuak 30 metroko luzera du eta 16 tona baino gehiago pisatzen ditu. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia
Arkuak 30 metroko luzera du eta 16 tona baino gehiago pisatzen ditu. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia
Kamioientzako ordainsaria izango den lehen arkua jarri dute Irunen

1:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteburu honetan jarri du AT sistemadun lehen arkua Irunen. Lan horiek direla eta, AP-8 autobidea itxita egon da ordu batzuetan, bi norabideetan. Zehazki, Irundik Lapurdirako norabidean, 22:00etatik 09:00etara eten dute trafikoa. Era berean, 00:00etatik 04:00etara trafikorako itxita egon da Biriatutik Irunera joateko errepidea. Asteburu honetan jarri duten egitura horrek 30 metro inguruko luzera eta 16 tonatik gorako pisua du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, arkuan matrikulak irakurtzeko eta argi infragorriz ibilgailuaren jarraipena egiteko hamabi kamera jarriko dira (norabide bakoitzean sei), eta TAGak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko hamabi antena (noranzko bakoitzean sei). Halaber, ibilgailuak sailkatzeko ibilgailuen bolumena neurtuko duten sei neurgailu izango ditu (hiru, norabide bakoitzean).

Irunen gaur hasi dituzten lanak amaitu ondoren, abuztuaren azken astean Etzegaraten jarriko dituzte arkuak. Halaber, Andoainen ere jarriko dituzte arkuak, irailean.

Ildo horretatik, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu du errepideetan egiten den “mozketa orok eragozpenak” sortzen dituela, baina zirkulazioan “ahalik eta eragin gutxien izateko” egun eta ordu hori aukeratu dutela ziurtatu du. Gainera, Oiarbidek esan duenez, “behar bezala seinaleztatuko dira bai autobideko mozketa, baita desbideratzeak eta hautabideak ere”.

Oiarbidek azaldu duenez, mantentze lanak zirkulazioan eraginik izan ez dezaten “lanak goiko aldetik egiteko aukera eskaintzen duen munduko lehen estruktura” da. Hala, aurreikusitako epeak betetzen badira, urrirako arku guztiak egongo dira jarrita. Orduan, “martxa zuria” edo doako probaldia hasiko da. Aldi horrek AT sistema abian jarri arte iraungo du, 2018ko urtarrilera arte, hain zuzen ere.

Tarifak oraindik ezin dituzte zehaztu, datorren hilean Bruselako arduradunekin azken bilera izan arte, baina hamabi tonarainoko kamioiek gehienez bost euro ordainduko dute, Irun eta Etzegarate bitarteko zatia erabiltzeagatik. Dena dela, gipuzkoarrek ez dute ezer ordainduko.

Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak nabarmendu duenez, Europako agindua betetzeko jarri dute kamioientzako ordainpeko bidesari sistema berria. Ildo horretatik, kanpotik datozen ibilgailu astun guztiek N-1eko mantendua eta inbertsioak ordainduko dutela esan du Oiarbidek.

GIPUZKOAKO FORU ANDULDIA

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostia Gipuzkoa EAE albisteak Ekonomia Irun Gaurko azken ordukoa N-1 azken ordukoa Kamioientzako bidesariak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa