Ekonomia -
Kupoaren negoziaketa
Kupoari buruzko akordioa lortzea 'posible' dela esan du Urkulluk
Bestalde, EH Bilduk ohartarazi du "beste alderdi batzuen botoak behar dituelako" ari dela negoziatzen Espainiako Gobernua.
Agentziak | Erredakzioa
Kupoari buruzko "zentzuzko akordio bat" lortzea "posible" dela esatean guztiz konbentzituta azaldu da Iñigo Urkullu lehendakaria, ostiral honetan. Bi gobernuetako eta foru aldundietako ordezkariak daude lantalde barruan.
Urkulluk adierazpen horiek egin ditu, Leire Pinedo EH Bilduko ordezkariak egindako interpelazioari erantzutean, Legebiltzarreko kontrol-saioan.
Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko "aldebiko eztabaidaren bidea berriro irekita”, lehendakariak esan du “akordioa posible” dela Kupoari dagokionez. Euskadik kopuru bat ordaintzen dio Estatuari, transferitzen ez zaizkion eskumenen garapenagatik.
Erakunde autonomikoen kalkuluen arabera, Euskadik 2011tik 1.600 milioi euro sobera eman dizkio Estatuari, eta Kupoak urtean 850 milioi euro inguruan egon behar luke.
Lehendakariak nabarmendu duenez, gai honi buruz irekitako elkarrizketak “ez du zerikusirik kromo-aldaketekin eta aurrekontuen negoziazioekin, Kupoa berritzea euskal agendaren parte delako”.
EH Bilduren kritika
Bestalde, Leire Pinedok salatu du Kupoari buruzko negoziaketa beti “ezkutuan” eraman dela Espainia eta Euskadi gobernatzen duten alderdien artean.
Pinedok adierazi du “Madrilgo Gobernuak agintzen” duela, eta Mariano Rajoyren Gobernuak “beste alderdi batzuen botoak behar dituelako” ireki dela negoziazioa, proposamenak aurrera ateratzeko, besteak beste, aurrekontuena.