Ekonomia -

KUPOARI BURUZKO LEHEN BILERA

Kupoari buruzko negoziazioak 'bizkortzea' adostu dute

Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkari teknikoek bilera egin dute Madrilen, Kupoa hizpide.

Montoro eta Azpiazu, joan den abenduan egindako bileran. EiTB.
Montoro eta Azpiazu, joan den abenduan egindako bileran. EiTB.
Montoro eta Azpiazu, joan den abenduan egindako bileran. EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko talde teknikoek lehen bilera egin dute gaur, abenduaren 5ean Pedro Azpiazu Ogasun sailburua eta Cristobal Montoro ministroa batzartu zirenetik, Kupoaz eta Kontzertu Ekonomikoaz hitz egiteko. Bilera horretan, negoziazioak "bizkortzea" adostu dute.

Ogasun Sailak azaldu duenez, bilera "positiboa izan da".

"Aldeek konpromisoa agertu dute lan egiten jarraitzeko eta otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran berriz biltzeko, negoziazioak bizkortzeko", gaineratu dute.

Bilera hasi baino lehen, Pedro Azpiazu sailburuak esan du helburua "posible bada, akordiotara iristea, edo akordiotarako bidea lantzen hastea" zela.

Gaiaren inguruan bi aldeek dituzten ezberdintasunak jakinekoak direla adierazi du sailburuak, eta horren aurrean, arazoei irtenbidea aurkitzea dela eskuartean duten egiteko nagusia adierazi du.

"Ikusiko dugu akordiorako aukerarik dagoen eta Kupoaren inguruko ezberdintasunak gainditzeko gai garen. Urte asko daramatzagu horretan", esan du.

Metodologia berria, Kupoa zehazteko

Eusko Jaurlaritzak gogoratu helburua Estatuarekin akordio batera heltzea dela, 2011ko Kupoaren kitapenerako eta 2012-2016 urteetako behin-behineko Kupoaren likidaziorako. Era berean, Bost urteko Lege berri bat adostu nahi du Jaurlaritzak, etorkizuneko Kupoaren zenbatekoa ezartzeko irizpideak finkatzeko.

Euskal erakundeen arabera, Euskadik behar baino 1.600 milioi euro gehiago ordaindu dizkio Estatuari eta honek urteko 850 milioi euro inguru zor dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, transferitu gabeko eskumengatik.

Kupoa formula matematiko baten arabera kalkulatzen da eta, besteak beste, Estatuak oraindik eman gabe deituen Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen gastua eta EAEko aberastasuna hartzen dira kontuan.

Formula horri buruzko azken akordioa 2007an sinatu zuten bi gobernuek. Kupoaren zenbatekoa 1.565 eurotan ezarri zuten. Itunak 2011ra arteko balioa zuen.

2012-2016 ekitaldirako bi aldeek akordio berri bat negoziatu behar zuten, baina ezinezkoa izan da orain arte, aplikatu beharreko formularen inguruan ezberdintasun nabarmenak dituztelako Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak