Ekonomia -
Lan-gatazka
Fagor CNAko langileek lanuztea egingo dute berriro astelehenean
Langileek ordubeteko lanuztea egin dute Garagartzako eta Eskoriatzako fabriketan, enpresako zuzendaritzak 40 langile inguru kaleratzeko asmoa duela eta.
Agentziak | Erredakzioa
Fagor CNAko langileek (Gayser eta Edesa Industrial) ordubeteko lanuztea egingo dute astelehenean berriro, asteazken honetan egin duten moduan, Garagartzako fabrikan (Arrasate) enpresako zuzendaritzak 40 langile inguru kaleratzeko asmoa duela-eta, “bideragarritasuna” aldarrikatzeko.
Garagartzan 380 pertsonak egiten dute lan, eta duela gutxi amaitu dute enpresa batzordeak baztertutako lan-erregulazioko txostena. Urriaren 26tik zegoen martxan.
Arrasaten eman duten prentsaurrekoan, Fagor CNAko langileek egin duten ordubeteko lanuztearekin batera, Edesa Industrial eta Geyser Gastech enpresetako batzordeetako kideek eta Basauriko enpresako ordezkari batzuek esan dutenez, egosteko tresnak egiten dituzten langileek “hiru aste eman dituzte lanik egin gabe eta garbiketa alorrekoak urriaren amaiera aldetik daude lanera joan gabe”.
Lan-erregulazioko espediente hau “ez zen enpresak aipatzen zituen arazoei irtenbidea emateko bidea”, horien esanetan, eta zuzendaritzak egin nahi dituen kaleratzeak salatu dituzte; izan ere, “ez dira irtenbidea” eta “bere horretan ez dute zentzurik”.
Enpresa batzordearen ustez, “gastuen saileko kontua onbideratzeko beharrak” ekarri du neurri hori, baina “elkarrekin lan eginez gero, formula arrakastatsuagoak daude”. Halaber, “kaleratze traumatikoen ordez neurri alternatiboak bilatzeko beharra” azpimarratu du batzordeak, baina “ezezkoa” jaso du, “etorkizuna bermatzeko bidean nahitaezkoak baitira”, zuzendaritzaren iritzian.