Ekonomia -
Ekonomia datuak
EAEko ekonomia % 2,8 hazi da 2015ean, aurreikusitakoa baino gehiago
Besteak beste, industriaren eta zerbitzuen bilakaera onak bultzatu dute igoera. Enplegua % 1,7 hazi da.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,8 hazi da 2015ean, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak 2015eko azken hiruhilekoaren kontuen aurrerapena kaleratu du gaur, eta bertan agerian geratu da 2014tik euskal ekonomiak duen goranzko joera. Duela bi urte gauzatu zen aldaketa, bi urtez behera egin ostean. 2014an % 1,4 hazi zen BPGa. Horrenbestez, 2015eko datuak bikoiztu egin du aurreko urteko datua.
Eusko Jaurlaritzak 2015ari buruz zituen aurreikuspenak hobetu ditu Eustatek emandako datuak, Urkulluk zuzentzen duen gobernuaren arabera, % 2,7 hazi behar baitzen ekonomia. 2016ari begira, berriz, % 2,5 egingo du gora BPGak, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Eustaten arabera, enpleguak ere gora egin du iaz, zehazki % 1,7.
2015eko azken hiruhileko datuei dagokienez, BPGaren igoera % 3,1ekoa izan da, aurreko hiruhilekoan urte arteko tasak izandako hazkundea baino hamarren bat handiagoa.
Igoeraren eragileei erreparatuta, eskaintzaren aldetik, industriaren eta zerbitzu sektorearen datu onak nabarmendu ditu Eustatek. Lehen sektoreak ere bilakaera positiboa izan du, eta eraikuntzak aurreko hiruhileko datuei eutsi die.