Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
Urtea amaitu baino lehen zehaztuko dituzte AHTaren sarbideak
Espainiako Gobernuko eta EAEko administrazioetako ordezkariek bilera egin dute Madrilen, hiriburuetako sarbideak zehazteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak, Sustapen Ministerioak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek urtea bukatu baino lehen zehaztuko dituzte Abiadura Handiko Trenaren (AHT) sarbideak, Gasteizko Gobernuak jakinarazi duenez.
Espainiako Gobernuko eta EAEko administrazioetako ordezkariek bilera egin dute gaur, Madrilen. Besteak beste, hauek hartu dute parte bertan: Ana Pastor Sustapen ministroa, Ana Oregi Ingurumen sailburua eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak; Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran, hain zuzen.
Bileran adostu dutenaren arabera, AHTaren lanen jarraipen batzordeak Gasteizko sarbidea aztertuko du lehenik eta behin, urrian. Ondoren, gauza bera egingo dute Bilbon eta Donostian.
Ana Oregi sailburuaren ustez, "positiboa" izan da Ana Pastor ministroak agertutako interesa eta erakunde guztiek akordio azkarra lortzeko borondatea, bai sarbideak bai azpiegitura osagarriak eraikitzeko.
Donostiaren kasuan, ordezkariek txalotu egin dute Atotxara Martutenetik heltzeko Jaurlaritzak egindako proposamena. Bilbon, Basauritik Abandora lur azpitik heltzeko ibilbidea ere begi onez ikusi dute, eta, Gasteizen, trena Dato geltokira heltzea ere bai.
Horren ildotik, Oregik, Aburtok, Goiak eta Urtaranek pozik hartu dute Sustapen Ministerioa lan horiek egiteko prest agertu izana.
EH Bilduren eta AHT Gelditu! Elkarlanaren kritikak
Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, euskal erakundeek eta Espainiako Sustapen Ministerioak egindako bilerak agerian uzten du Abiadura Handiko Trenarena “marketinean eta propaganda instituzionalean oinarritutako proiektua dela”.
“Munduko beste edozein tokitan eskandalagarria litzateke 5.000 milioi euro gastatu eta gero horrelako gaiak eztabaidatzen egotea”, kritikatu du.
AHTa euskal hiriburuetan nola sartuko den jakitea “ezinbestekoa” dela adierazi du, “besteak beste, bidaiaren iraupena, bidaiari kopurua eta azpiegituraren ibilbidea zehazteko”.
“AHTaren egitasmoa lau haizetara zabaltzen ari dira, baina oraindik ez dakite nola sartuko den Bilbon, Donostian eta Gasteizen”, deitoratu du.
Bestalde, AHT Gelditu! Elkarlanak elkarretaratzea egin du Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, obrak gelditzea eskatzeko. “Abiadura Handiko Trenak ez dauka zentzurik, dirua xahutzen ari dira eta hiriburuetarako sarbideak eraikitzerakoan higiezinek espekulaziorako aukera berria izango dute”, ohartarazi dute.
AHTaren kontrako plataformaren arabera, “hiriburu handiak lotzeko diseinatutako proiektua da, eta, beraz, herri txikiak baztertuta utziko dituzte”.
Ildo horretan, egun joan-etorri gehienak eskualdeen artekoak direla nabarmendu dute, "ez hiriburu nagusien artekoak".
Hiriburuen arteko ibilbideak egiteko, azpiegitura “nahikoa” badagoela uste dute. “Euskal hiriburuen arteko joan-etorriak egiteko erabili behar den denbora ia bera da kotxez, autobusez edo abiadura handiko trenean; beraz, gezurra da AHTari esker denbora aurreztuko litzatekeela”, erantsi dute.
Horrez gain, gogora ekarri dute ‘Euskal Y’-ak gutxienez 2030. urtera arte ez duela loturarik izango Frantziarekin, eta oraindik zehaztu gabe dagoela Burgosko zatiarekin noiz egongo den lotuta.
Horrenbestez, AHTa “euskal hiriburu nagusien arteko luxuzko metroa” dela esan dute. “Zentzugabekeria ekonomiko izugarria da, baliabide publikoak xahutzea”, azpimarratu dute.